Getariako Udalak otsailaren 20ko batzorde informatiboan zehaztu zituen Katrapuna plazako kantina ustiatzeko oinarriak. Hura erabiltzeko proposamenak egiteko epea martxoaren 4tik 15era egongo da zabalik.

Aurten, berrikuntza gisa, kantina ireki baino hilabete lehenago jakinarazi beharko zaio udalari jarriko diren altzarien kopurua eta eremuen kokapena. Hala, irudiz edo grafikoz, zehaztu beharko da zenbat mahai, aulki eta toldo egongo diren, eta haurren txokoa jartzea erabakiz gero, non eta zer egongo den bertan.  Horrez gain, aurrez jakinazi beharko zaizkio udalari egin asmo diren kultur-ekitaldiak. Salbatore jaietan salbu, astean, gehienez, ekitaldi bat baimenduko da eta kontzertuak, esaterako, 21:00etarako bukatu beharko dira.

Gainerakoan, aurreko urtean bezala, 6.000 euroan esleituko dute Katrapunako kantinaren ustiaketa. Ekainaren 1erako ireki beharko da derrigorrez –Euskal Jaietako asteburuan ere ireki liteke– eta gutxienez, irailaren 30era arte eman beharko da zerbitzua. Esleipendunek hala nahiko balute, azaroaren 3ra arte luza lezakete epe hori. Ordutegiari dagokionez, 10:00etatik 23:00etara eduki liteke irekita, ordubete gehiago jai bezperatan, ostiraletan, larunbatetan eta herriko jaietan.

Eskaintzak bi pertsonek batera aurkeztu beharko dituzte eta lehentasuna emango zaie Lanbiden langabetu bezala izena emanda egonik, gutxienez urtebetez herrian erroldatuta dauden hautagaiei. Proposamenak udalaren egoitza elektronikoan edo udaletxeko harreran bertan aurkez daitezke. Esleipena zozketaz egingo da.