EH Bilduk erdigunean herritarrak jartzen dituela azaldu du Haritz Alberdik

 

EH Bilduk, igandean, frontoian egin du hauteskunde kanpainako ekitaldi politikoa. Hizlari modura parte hartu dute Haritz Alberdi Getariako EH Bilduko alkategaiak nahiz Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak eta EH Bilduren mahai politikoko kideak. Horiekin batera oholtzaratu dira zerrendako kideak eta ekitaldian zehar, herriko hainbat musikariren eta sare-jostunen laguntza izan dute.

Ugarteren esanetan, bazekiten kanpaina “zikin” etorriko zela, “batzuk urduri zeudelako, eta ikusi dugu Madrildik nola etorri diren zikinkeriaren eta lokatzaren soinuak”. Aldundiko bozeramaileak argi du EH Bildu dela “eskuina eta faxismoa geratuko dituena hemen, Madrilen eta gauden toki guzti guztietan, Nafarroan barne”. Salatu du Madrilen ez ezik, hemen ere Isabel Diaz Ayusoren (PP) teknika berdinak erabili dituztela euren proiektu politikoa geldiarazteko. Hala ere, nabarmendu duenez, “zarata guztiaren erdian, gu oso lasai gaude etxekolanak oso ondo egin ditugulako. Guk herritarren beharrak lehenesten ditugu, herria, aberria lehenesten dugu”.

Era berean, espazio guztietan egotearen garrantzia azpimarratu du Ugartek. Hala, “kalean, herrigintzan, kultur munduan, kirolean, enpresetan, sindikatuetan, elkarteetan… egoten garen bezala, ezker independentista instituzioetan egotea ere oso garrantzitsua da”. EH Bildu indartsu dagoen lekuetan, herritarren baldintzak hobetu egiten direla eta herritarrak hobeto bizi direla argudiatu du Ugartek. Hala, proiektu politiko “sendoa” dutela azaldu eta “herritar gehienen zerbitzura dagoen proiektua dela eta ez lobby batzuen eskura edo mende dagoena”, gaineratu du.

“Gardentasuna” euren jardunaren oinarri

EH Bilduren alkategaiak, Haritz Alberdik, sare konpontzaileek egin izan duten eta egiten duten lana goraipatuz hasi du bere hizketaldia. Haietako bi izan dira ekitaldian, “Madrilen, EH Bilduk lortutako” lege aldaketari keinu gisa. Jarraian, aurten bi alkategaien arteko mahai-ingurua egin ez izanaren arrazoia azaldu du: “EAJ-PNVk otsailetik erantzun baten zain eduki ditu antolatzaileak eta azkenean, EAJ-PNVk ez du nahi izan”. Gauzak horrela egin izana “estilo nahiz balio kontua eta politika egiteko modua” direla argudiatu du Alberdik eta eurena “hitzari, elkarrizketari eta eztabaidari beldurrik ez izatearena” dela gaineratu du.

2011n EH Bildu boterean jarri zenetik, Getarian eredua aldatu egin dela argitu du Alberdik. Gazteei begira, hainbat egitasmo egin dituztela azaldu du, besteak beste, alokairua ordaintzeko dirulaguntza berriak, babestutako etxebizitzak, jai parte-hartzaileak edota Eskualtxetan egingo diren alokairu sozialeko etxebizitzak. Alberdiren hitzetan, pertsonak “erdigunean” jarri dituzte eta datozen lau urteei begira helburu garbi bat dute: “Herritarrak herrian bizitzen segitzeko baldintzak sortzen jarraitzea”. 

Programak barne hartzen dituen egitasmoen helburuetako batzuk ere aipatu ditu: “Etxebizitza arazoa arintzea, eskolako baldintzak hobetzea, gazteek modu autogestionatuan funtzionatzen segitzea, auzotarren beharrei erantzutea, moilaren funtzionamendua argitzea eta, oso gauza garrantzitsua, demokrazian sakontzea”.

Herritarren ispilu den zerrenda osatzea lortu dutela azpimarratu du, “oraina eta etorkizuna harilkatzen duena”. Taldean eta lan banaketan jarri dutela fokua aitortu du Alberdik eta azken lau urteetako esperientziatik, “hobetu beharreko hori hobetzeko proposamena” ere badutela argitu du.