Animaliak surfean

LH 6 – Ipuina – Saritua
Uxue Ulacia Alberdi

 

Bazen behin Askizun artzain bat, Axier Korta izena zuen baina askizuarrek Axixko izenez ezagutzen zuten. Bere artaldearekin eta txakurrarekin goizean goizetik buelta bat ematen zuen. Getaria herriraino jaisten ziren, portuan barrena buelta bat ematen zuten eta arratsalde partean Gaztetape ingurutik pasatzen ziren beraien etxerantz, Askizurantz.

Artzaina triste zebilen, ardiek ez zutelako behar adina esne ematen, eta horrela ezingo zuelako gaztarik egin eta saldu; bere negozioa galtzeko zorian ikusten zuen. Horregatik bordatik irten eta Getariako herrira jaitsi eta portutik pasatzen zenean hau esaten zuen jendea ikustean:

— Artzain mundua ez al da aurkitzen laguntza baten beharrean?

Hau esan ondoren bertso hau abesten zien:

Artzain mundua, lana astuna,
hogeita lau orduko jarduna,
etorkizuna dauka iluna,
argitasun handirik ez duna.
Biziko bada, denon artean
altxa eta bultza behar duguna.

Artzaina txikia eta fuertea zen, umorekoa eta adar-jolea, bihotz zabaleko, indar handia zuen eta beti makila luze bat eskutan eta txakurra ondoan zuela irteten zen baserritik. Ardiek buztan motza eta ile asko zuten, batzuk txuriak ziren eta beste batzuk beltzak. Artzainak ardi bakoitzari bere izena jarrita zeukan: Lexuri, Larre, Xarpa… eta denekin harreman ona zuen. Txakurra artzainarekin oso ondo ulertzen zen eta bixi-bixia zen, horregatik Bixi izena jarri zion Axixkok.

Egunero-egunero Gaztetape ingurutik pasatzen zen artzaina bere artaldearekin. Axixko konturatu zen ardiak txunditurik geratzen zirela uretan surfean zebiltzan umeei begira. Umeak surfean oso trebeak ziren, baita ardien maitagarri ere. Egun batean artzainak surfeko begiraleak inguruan topatu zituen, eta bere bertsoa abesten hasi zen. Bukatu ondoren, komentario bat egin zien artzainak begiraleei:

— Aspaldi konturatu nintzen ardiak bidean geldirik eta txunditurik geratzen direla hondartzan surfean dabiltzan umeei begira.

Surfeko begiraleak oso jatorrak eta arduratsuak zirenez, artzainaren bertsoa entzun ondoren, ideia bat etorri zitzaien eta esan zioten artzainari:

— Nahi baldin baduzu, aukera bat emango dizugu. Bihar arratsaldean goiz xamar pasa Gaztetapeko hondartzatik zure artaldearekin, eta ardi bakoitza surfeko taula baten gainean jarriko dugu, surfa nola egin erakutsiz.

Artzainari oso ideia ona iruditu zitzaion. Hurrengo egunean eguraldi zoragarria egin zuenez, artzaina artaldearekin hondartzara jaitsi zen eta begiraleek segituan jarri zituzten ardiak taula bakoitzaren gainean surfa egiteko, baita Bixi txakurra ere.

Ume denak hondarretan, ardiak eta Bixi txakurra animatuz, oihuka jardun zuten; artzaina berriz, bideo kamerarekin grabatzen aritu zen.

— Aupa! Aupa! Hori dek eta!

Ardiak oso animaturik eta gustura sentitu zirenez surfean, umeen oihuak entzunez, beraiek ere beeeee beeeeeka hasi ziren denak batera, txakurra, berriz, zaunkaka. Ardiak oso lasai eta ondo portatu ziren begiraleekin eta txakurra, berriz, bihurri xamar. Azken momentuan begiraleak harriturik baina oso pozik zeuden, ardiek denbora gutxian surfean oso ondo egiten zutelako. Orduan begiraleek txalo egin zieten ardiei. Ardiak hori ikusirik, beraiek beeeee beeeeeka hasi ziren berriro, begiraleei eskerrak eman nahian.

Bukatu ondoren, artzaina artaldearekin Askizurantz abiatu zen. Bitarte horretan ardiak bixi-bixi eta beeeeeka hasi ziren; poz-pozik iritsi ziren beraien bordaraino.

Handik aurrera artzainak ardiei egunero-egunero beraien bordan pantaila batean berak ateratako surfeko bideoa jartzen zien.

Artzaina handik gutxira konturatu zen, ardiak lehen baino esne gehiago ematen hasi zirela eta hori surfaren ondorioz eta beraien pozaren indarrez sortutakoa zela ondorioztatu zuen. Momentu hartatik aurrera, artzaina alai eta pozik ikusten zen.

Artzainak gertatutako mirariaren ondoren, surfeko begiraleei opari bana egitea pentsatu zuen, eskerrak emateko. Surfeko taula bana, taularen gainean ardien izenak firmatuta. Horrela ardiak gogoan eduki zitzaten.

Arratsalde batean artzaina hondartzara jaitsi zen begiralearengana eta berari gertatutako miraria kontatu zien eta horregatik eskerrak emanez, opari bana oparitzen ziela.

Begiraleak, emozionaturik, negarrez hasi ziren eta artzaina ere bai. Begiraleek esan zioten handik aurrera egunero hondartzara joateko bere ardiekin surfa egitera, dohainik emango zizkietela ikastaroak. Artzainak onartu zien esandakoa.

Horrela, ardiek Gipuzkoako esne kantitate handiena ematea lortu zuten, eta artzaina zoriontsuagoa bizitzen hasi zen. Bertso berri bat ere asmatu zuen.

Denbora gutxian artzaina kalera eta portura jaisten zen bakoitzean eta jendea ikusten zuenean bertso hau abesten zien:

Zaindu ardiak eta artaldeak,
saiatu maitasuna ematen.
Jarraitu gogor artzain izaten
ondorengoek jakin dezaten
gure kultura hontako zati
garrantzitsu baten jabe garen.

Handik aurrera artzainaren gaztak oso famatuak egin ziren Euskal Herrian.

Artzainak pozaren pozez oihu egiten zuen: “Gora gu eta gure artaldeak!!! Merezi du eta artzaina izatea!!!”