Denboraren bidaia

LH5 – Ipuina – Aipamen berezia
Etxahun Olabarri Ezenarro

 

— Mikel!!!
— Banoa, banoa!

Mikel arnasestuka iritsi zen Mirenengana eta Julenengana, garaiz ailegatzeko saltaka joan baitzen.

— Berandu gaur ere! –esan zion Julenek.
— Barkatu, motxila eskolan utzi dut eta bila joan behar izan dut –kexatu zen Mikel.
— Bagoaz ala zer? –moztu zien Mirenek.

Liburutegi pareko horman Juan Sebastian Elkanoren etxea han egon zela gogoratzen zuen kartel zahar bat zegoen. Eta han ondoan erdi eroritako etxe bat. Harantz jo zuten hirurek, eta barrura sartzea erabaki zuten.

— Nor sartuko da lehenengo? –galdetu zuen Julenek etxearen sarrera aurrean zeudela.
— Ni! –erantzun zuen Mirenek.
— Ni ere bai! –Julenek– Etorri zu ere, Mikel!
— Bai, oraintxe –esan zuen Mikelek zalantza pixka batekin.

Sartu orduko zarata arraro batzuk entzuten hasi ziren.

— Lasai, sagu bat izango da –esan zuen Julenek, bere burua eta lagunak lasaitu nahian.

Baina hirurak pixka bat beldurtuta zeuden, nahiz eta inork ez onartu nahi izan. Horregatik inguruan zebilen txori batek soinu txiki bat egin zuenean…

— Goazen!!! –oihukatu zuen Mirenek, eta tximista baino azkarrago hasi ziren saltaka.

Etxeko eskaileretaraino iritsi ziren, baina gero eta gehiago entzuten ziren soinu haiek.

Bat-batean, aulki batean giltza handi distiratsu eta eder bat ikusi zuten. Mirenek ukitu egin zuen eta etxe guztia argi zuri indartsu batek hartu zuen.

Etxetik beldurtuta atera ziren, zer gertatu zen ulertu ezinik, eta kanpoan ikusi zutenarekin harrituta geratu ziren, ikusten ari zirena sinetsi ezinik: herria harresiz inguratuta zegoen, ez zegoen ez liburutegirik, ez udaletxerik, ez frontoirik… Alde batera eta bestera begiratuz, oinez hasi ziren. Herria bost kalek osatzen zuten, eta eliza zen ezaguna egiten zitzaien eraikuntza bakarra. Jendea oso arraro jantzita zegoen, zer ari zen gertatzen?

— Barkatu –galdetu zion Mirenek soineko luze bat zeraman emakume bati–. Ze urte da hau?
— Ze urtetan bizi garen? 1519an –umeak-erantzun zion–, ze urte bestela? –eta lanean jarraitu zuen kasu gehiegirik egin gabe.

Orria bezain zuri gelditu ziren hirurak, zer erantzun ez zekitela. 1519? Nola zen posible?

Kale Nagusian behera jaisten ari zirela sagardotegi batetik irteten ari zen gizon batekin estropezu egin zuen Mikelek.

— Barkatu! –esan zion Mikelek. Hirurak begira gelditu ziren, itxura hori, ezaguna egiten zitzaien, bai, ezinezkoa zen baina…
— Nola duzu izena? –ausartu zen Miren.
— Juan –erantzun zion –Juan Sebastian.
— Juan Sebastian… Elkano? –aho zabalik zeuden.

Orain bai zeuden harrituta! Horrek esan nahi zuen benetan zeudela 1519. urtean! Baina nola gertatu zen? Etxe hura, Elkanoren jaiotetxea zela esaten zutena, giltza, argia… azalpenik ez zuten, baina…

— Bai, elkar ezagutzen al dugu? Zuek ez zarete hemen ingurukoak, itxura horrekin…
— Bai, beno, egia esan ez…
— Eta noiz joango zara espediziora? –bota zuen Mikelek esaten ari zenaz konturatu gabe.
— Espediziora? Eta zuek nola dakizue espedizio batean parte hartzeko asmoa nuela? Hobeto pentsatu dut eta ez naiz joango –erantzun zuen parrandan jarraitzeko gogoarekin.
— Zer???!!! –oihukatu zuten hirurek batera– Joan egin behar duzu!!!
— Hurrengoan joango naiz –erantzun zuen–. Izango dira espezia bila joateko espedizio gehiago. Bai, hurrengoan joango naiz.
— Joan egin behar duzu, benetan berezia izango da –esan zion Mirenek.
— Baina zer jakingo duzue zuek? –hirurak isilik geratu ziren. Ezin zioten ezer kontatu, ez zioten sinetsiko eta. Elkarri begira geratu ziren isilik.

Momentu hartan sagardotegi barrutik beste gizon bat atera zen, bere antzera jantzita zegoena.

— Hi, Juan, goazen, itsasoratzeko ordua duk –esan zion Elkanori.

Elkanok umeei begiratu zien, zer egin pentsatzen bezala.

Hirurak buruaz baietz egin zioten, joateko, eta Elkano azkenean joan egin zen. Bera eta inguruko beste marinel batzuek Zarautzen egindako Victoria ontzia hartu eta hegoalderantz abiatu ziren han Magallanesen espedizioarekin bat egiteko.

Miren, Julen eta Mikel moilara jaitsi ziren Elkano agurtzera. Moilatik irtetean, Elkanok eskuaz agur egin zien.

Handik gutxira Elkanoren jaiotetxera bueltatu ziren. Denbora batean ezer esan gabe egon ziren hirurak, gorputzeko gihar bat bera ere mugitu gabe.

— Itzuliko al gara etxera? –galdetu zuen azkenean Julenek.

Besteak buruaz baietz egin zuten ezin baitzuten ezer esan gertatutakoa eta gero.

— Agur! –esan zuen Mirenek.
— Agur! –erantzun zuten beste biek.

Ez zen denborarik pasa giltza ukitu zutenetik bueltatu zireneraino. Zer gertatu ote zen?

Hurrengo egunean eskolan andereñok esan zien.

— Biharko Elkanoren garaiari buruzko idazlan bat egin behar duzue. Pentsatu, nolakoa ote zen Getaria garai hartan, nola bizi ote ziren?

Mikel, Miren eta Julen barrez hasi ziren.