Kaioen karranken artean biluzik

Helduak – Ipuina – Saritua
Ane Azkue Etxeberria

 

Telefonoa jotzen zebilen, eta ez zion, inondik inora ere, zarata haren galderari erantzun nahi, jada nazka-nazka eginda zegoen. Ez al zen konturatzen gero eta gehiago tematu, orduan eta gehiago gorrotatuko zuela? Baina bazekien nolakoa zen eta ez zion ezerk harritzen. Bi egun zeramatzan dei haien oihartzunak jasaten, eta dagoeneko amesgaizto bihurtu ziren. Bazekien ondo asko zein zen arrazoia.

Aspaldi batean bere bikote izan zen Antton, baina ordutik urte eta gertakizun asko pasa ziren. Jadanik, laurogeigarren hamarkada atzean geratu zen, baita garai hartan drogen menpean bizitako parranda, debate eta hainbat egoera ere. Herrian gazte guztiak elkarrekin ibiltzen ziren, hara eta hona, kontzertuetatik kontzertuetara eta festetatik festetara. Beste hainbat eta hainbat gaztek bezala, horrela ezagutu zituzten Euskal Herriko herri, herrixka, jende eta baita tabernak ere. Kostaldeko herrietan tokatzen zirenean jaiak, gehienetan, portuan amarratutako ontzietara saltatzen zuten parrandan segitzera, plastikozko basoetako katxiak eskutik eskura pasaz eta eztarriak bustiz.

Amaia eta Antton, lagun talde berean mugitzen zirenez, garai hartan hasi ziren elkarrekin irteten. Biek ederki gogoratzen zuten zein txokotan eman zuten lehenengo muxua, eta ondoren, laztanak. Harremanak aurrera jarraitu zuen eta poliki-poliki aurrerapausoak ematen joan ziren. Hamarkada bateko harremana eta gero, elkarrekin bizitzeko erabakiari heldu eta alokairuan hartutako baserri batera joan ziren bizitzera. Biak ala biak kostakoak ziren arren, mendia ere maite zuten. Horrela bada, kostatik gertu zegoen etxe batean jarri ziren bizitzen, itxaropentsu.

Ordea, justuki, momentu hartatik aurrera hasi ziren gauzak okertzen, edota hobeto esanda, Antton okertzen. Amaiak egunetik egunera nabari zuen haren hondatzea, eta noski, paraleloki harremanarena. Bien arteko distantzia inoiz baino handiagoa zen.

Udaberriko arratsalde hartan dena aldatu zen. Amaia baratzean ari zen lanean, Antton, artean, falta zen. Dagoeneko iluntzen hasi zen eta Amaia etxera sartu zen ortutik jasotako berdurekin afaria prestatzera. Egun hartan, gainera, herriko marinelek antxoa asko harrapatu zutenez, bere amak atzaparkada bat antxoa eman zion afaltzeko. Tamaina handikoak izanik, ohikoa zen bezala, antxoa erditik ireki, hezurra kendu eta frijitu baino lehen arrautza-irinetan pasa zuen. Horrelakoetan, letxuga tipularekin jartzen zuen antxoari laguntzeko, eta alboko baserriko etxeko sagardoa afaria animatzeko.

Amaiak bazekien harremana ez zihoala batere ondo, baina hala eta guztiz ere, konpontzen saiatzeko prest zegoen. Hori zuen asmoa ilargirik gabeko gau ilun hartan atetik zetorren aldaba-hotsek asaldatu zutenean. Zarata entzutearekin batera, antxoa arrautzaztatua bezalaxe, Amaiaren aurpegiko kolorea ere hotz geratu zen. Aulkitik salto batean zutitu eta atea ireki zuen.

Polizia zen eta Anttonen bila joanak ziren baserrira. Neska-lagunak esan zien bera ere haren zain zegoela baina ez zuela arrastorik non egon zitekeen. Orduan, zerbait gertatu ote zen galdetu zien ertzainei, eta hauek esan zien hilketa kasu bat leporatzen zitzaiola.

Neskak, berria entzutearekin batera, bertigoa sentitu zuen eta berriro ere eseritako aulkira bueltatu zen. Momentu berean galdera asko zetozkion burura, baina erantzunik, bat bera ere ez. Ertzainek laguntzarik behar zuen galdetu zioten, baina, berehala erantzun zien mamu hotsek erotu aurretik amaren etxera itzuliko zela.

Ezin izan zion eutsi negar egiteko gogoari, eta herrirako bidea oinez egin zuen; horrela, barruko sentipenak negar-malkotan hustuko zituen eta etxera iristerako pixkatxo bat lasaituko zen. Gaua zen eta ez zebilen jende askorik kaleetan; horrek Amaia lasaitu egin zuen eta bere baitan pentsakor jarraitu zuen bidea. Bazegoen bai zerbait neskaren ustez Anttonek inoiz kontatu ez ziona baina zerbait ezkutatzen zuena. Zer ote?

Bost urte inguru pasa ziren herriko hondartza txikian gorpu hura agertu zenetik. Gorpua identifikatua izan zen, eta bazirudien norbaitek hil eta itsasora botatakoa zela, biolentzia zantzuak baitzituen. Hogeita hamar urteko mutil galiziar bat omen zen, arrantzalea eta herrira lanera etorritakoa. Bazirudien, lana medio, arrantzale batzuk ezagutzen zutela mutikoa. Ikaragarri asaldatu zuen herria gertakizun hark.

Amaren etxeko txirrina jo aurretik, derrepente, Amaiak inoiz baino argiago eta garbiago gogoratu zuen egun haietan Antton ze urduri ibili zen etxean zein kalean. Nahiz eta Amaiak milaka aldiz galdetu ea zerbait gertatzen ote zitzaion, Anttonek beti gauza bera erantzuten zion: “Ez, Amaia, laneko kontuak dira, ez zaitut kezkatu nahi”.

Antton arrantzalea zen, autonomoa. Bere ontzia txikia zen, pertsona bakar batentzat nahikoa lan egin eta bizimodua aurrera ateratzeko. Egun hartan, duela bost urte, Antton, egunero bezala, arrantzara irten zen Pasaiako portuko ahotik at. Eskuineko argi gorriari esker atera zen bokaletik. Sareak botatzeko intentzioa zuen egun hartan, eta ilundu aurretik egin nahi zuen.

Haizeak eta euriak gogor astintzen zuen Anttonen itsasontzia eta norabidea nahasten hasi zen. Itsasargiari esker zerbait ikus zezakeen baina ez zen nahikoa. Laguntza hura ez ezik, iparrizarrarena ere izan zuen. Itsasgizon askok bezala, Anttonek ere bere aitarengandik ikasi zuen iparrizarrari begiratzen. Hark ez zuen inoiz huts egingo, eta beste baliabiderik ezean, zeruko ipar polotik gertu zegoen izar dirdiratsu harri jarraitzen zioten iparra non zegoen jakiteko. Horrela bada, Anttonek lortu zuen korapilo hartatik ateratzea.

Itsasaldeko ekaitzaren zurrunbiloaren hotsaz gain, noizean behin gizonezko batzuen ahotsak entzuten zituela iruditu zitzaion. Momentu batez, motorra geratu zuen ahotsak nondik zetozen jakiteko. Eta hara, ez zen bere irudimena izan, metro batzuetara bere itsasontzia baino beste txikiagoa zen ontzi bat ikusi zuen. Barruan bi gizon zeuden borrokan eta eztabaidan.

Anttonek ez zuen nahi izan inork ikusterik, bai baitzekien nondik norako iskanbila motak izaten ziren haiek. Baina zoritxarrez, bi gizon haietako batek Anttonen Alai itsasontzia ezagutu eta deiadar egin zion. Anttonek, eztarritik txistua justu-justu tragatuz, beste garrasi batez erantzun zion. Peruk laguntza eskatzeko oihukatu zion eta Anttonek ezin izan zion ezetzik esan herriko arrantzale hari. Peruren txalupara gerturatu zenean, beste gizonezkoa kolpe baten ondorioz itsasontzian etzanda topatu zuen. Peruk gorpua itsasora botatzen laguntzeko eskatu zion, eta ordainetan ontziko drogaren dirua bien artean banatuko zutela agindu zion.

Bi marinel gazteek orduak pasa zituzten gorpu hura itsasora bota eta itsasontzia ahalik eta ondoen garbitzen, nahiz eta testuinguruak ez zuen askorik laguntzen. Gero, isil isilik, bakoitzak bere itsasontziaren motorrak piztu eta etxerako norabidea hartu zuten. Hurrengo egunean, egun-argiz, Peruren txalupa nola geratu zen ikusi nahi zuten, ziur aski berriro garbitu beharko baitzen.

Horrela, biharamuna ere iritsi zen. Peru izan zen lehenengoa itsasontzira gerturatzen, gau osoan ez baitzuen begirik itxi ere egin. Aldiz, Antton berera gerturatu zen aurrena, eta bertan zebilela atontzen, herritar bat gerturatu eta herriko hondartzan mutil baten gorpua agertu zela esan zion. Antton urduri baino urduriago jarri zen hura entzun zuenean, baina lasaitasuna adierazi zuen, zerbait gehiago jakin nahiaren itxura egiten. Nor zen galdetu zion itsasgizon erretiratu hari, baina herritarrak ezezaguna zela erantzun zion, ez behintzat ezaguna. Berehala, Anttonek Peruri deitu zion telefonoz jakindakoa kontatzeko eta aldi berean korrika gerturatu zen hondartzara.

Anttonek inoiz ez du ahaztuko kaioen karrankapean ikusitako gorpu hura biluzik.

Tragedia egun hartatik aurrera, negozioak medio, Anttonen eta Peruren harremana estutu egin zen. Heroinaren kontrabandoan maisu ziren, ez zitzaien bezerorik falta, baina batzuetan ahaztu egiten zitzaien arriskuaren mugan ari zirela lanean. Negozioa goraka zihoan eta baita Anttonen kontsumo dependentzia ere.

Amaia eta Anttonen harremanaren gainbehera jakinekoa zen nondik zetorren eta kaioen karranken hotsak ez ziren inoiz isildu.

Amaiak baserrian jarraitu zuen bizitzen, Antton, berriz, auskalo ze zulotan bizi zen. Dirua behar zuenean bakarrik deitzen zion Amaiari.