Maddi eta izotz pistako ate misteriotsua

LH 5 – Ipuina – Aipamen berezia
Irati Vicente Ezenarro

 

Maddi naiz, hamar urteko neskatoa eta Getarian jaioa naiz. Gaur egun hotz, euritsu eta haizetsua da. Mugikorra hartu dut begiratzeko ea mezuren bat iritsi zaidan eta bai, sei mezu jasoak ditut jada.

— PIRIBIRIBIPI, PIRIBIRIRIPI –egiten du mugikorrak.

Batzuetan aspergarria da soinu hori jasatea, baina nire lagun Leirek idatzi duen mezuak pozez zoratu nau. Leire neska ilehori eta alaia da, eta beti dago laguntzeko prest.

— Ideia bat otu zait –idatzi du Leirek.
— Zer ideia? –galdetu du Enarak jakin-minez.

Enara neskato ile marroi eta luzekoa da, eta oso eskuzabala da. Horrez gain, nire lagunik onena da.

— Donostiako Txuri Urdin izotz pistara joan gaitezke egun pasa –erantzun dio Leirek Enararen galderari.
— Oso ideia ona, Leire. Gainera, ikaragarri gustatzen zait patinatzea –dio Uxueren mezuak. Ilehori kizkurduna eta oso-oso jatorra da nire lagun Uxue, baina, aldi berean, oso lotsatia da.
— IUPIII!!! –idatzi du Alaitzek. Alaitzen gurasoak afrikarrak dira baina bera getariarra da.
— Hamar eta erdietan geratuko gara autobus geltokian hamaikak hogei gutxitako autobusa hartzeko –dio Leireren mezuak.
— OK –erantzun dut nik.

Hamar eta erdiak dira eta hementxe gaude bostok Getariako autobus geltokian. Kontu-kontari hasi gara autobusa heldu bitartean baina segituan iritsi da.

— Denok autobus barrura! –esan dut nik.
— Goazen! –Alaitzek.

Eta ordu erdi pasatu denean Donostiako Txuri Urdin izotz pistaren aurrean utzi gaitu autobusak. Izotz pistaren sarreran, patinak eta kaskoak hartu ditugu eta denok jantzitakoan, barrura sartu gara segituan.

— Hau zoragarria da! –esan dugu denok aldi berean. Eta ondoren, denok barrezka hasi gara.

Baina halako batean, irristatu eta lurrera blast erori naizenean, ate misteriotsu bat zeharkatu dut eta orduan…

Ezin nuen sinetsi ere egin! Ate misteriotsu horrekin denboran atzera bidaiatu dut eta historiaurrera iritsi naiz!!!

— Ka-ka-ka kaixo! Badago inor hemen? –galdetu dut zeharo beldurtuta.

PUN-PUN-PUN –egiten zuen zerbaitek. Egia esan, ez nengoen oso seguru zerk egiten zuen soinu hura. Denbora aurrera joan ahala, soinu hori gero eta ozenago eta hurbilago entzun dut eta noski, ni are beldurtuago nengoen.

— AAAAAAAAAAAAAAAAAAAA!!! –oihukatu dut. Mamut bat nuen nire begien aurrean!!! Maddi, ezin duzu estatua bat bezala geldi-geldi geratu, bestela, mamutak akabatuko zaitu!, esan dut nire baitan.

Baina orduan kobazulo bat ikusi dut eta zorte handiz, mamut hura baino txikiagoa zen. Nire bizitzan ez dut inoiz horren azkar egin korrika eta ez naiz sentitu horren bakarrik eta beldurturik.

Kobazulora sartu naizenean, harriturik geratu naiz. Familia bat zegoen larruzko arropak jantzirik.

— Kaixo –esan dut nik.
— Ongi etorri –erantzun dit familia hartako batek.
— Eseri lasai gurekin –beste batek. Eta ni haiekin eseri naiz.
— Nola iritsi zara honaino? –galdetu dit txiki batek.
— Lagunekin Donostiako Txuri Urdin izotz pistara etorri naiz, baina lurrera jausi eta ate misteriotsu bat zeharkatu dudanean, kobazulo honen aurrera iritsi naiz. Mamut bat ikusi, eta segituan hona sartzea erabaki dut. A, eta Maddi naiz –erantzun diot txikienaren galderari.
— Zein ausarta zaren, Maddi –esan du batek.
— Bai, tira… –nik.
— Ni Oier naiz, eta hamar urte ditut –esan dit bere burua aurkeztuz.
— Ni Julen, zazpi urtekoa –besteak.
— Ni Naroa, hamahiru urtekoa –zaharrenak.
— Ni Oihan –aitak.
— Ni Elene –amak.
— Eta ni Izaskun –amonak.
— Oso ondo! Eta zer dira hormetan dauden marrazki horiek? –galdetu dut nik jakin-minez.
— Hormetan dauden marrazki horiek guk egiten ditugu –esan du Naroak eta azalpen batzuk eman dizkit.
— Benetan oso politak dira –nik, hatzekin hormak ukituz.
— Mila esker –esan dute denek batera.

Halako batean, pertsona batzuk sartu dira kobazulora eta ez dakit zergatik, baina ezagunak egin zaizkit.

— Maddi! –oihukatu du batek.

Noski, nire lagunak ziren: Uxue, Alaitz, Enara eta Leire.

— Lagunak!!! –oihukatu dut pozez zoratzen, eta besarkada bat eman diet.
— Nortzuk dira hauek? –galdetu du Alaitzek.
— Ekain kobazuloko familia bat da eta horko horiek beraiek ehizatzen dituzten animalien marrazkiak –azaldu diet nik.
— UAAAAU!!! –egin du oihu Uxuek harriturik.
— Aukera izango bagenu hemen geldituko ginateke, baina etxera itzuli beharra dugu –esan dut nik.
— Bai, bestela autobusak alde egingo digu! –Leirek.

Familia hura agurtu eta berriz ate misteriotsu hartatik igaro gara. Autobusa hartu eta berriz etxean gara.

— Ez dugu abentura hau inoiz ahaztuko! –esan dut nik.
— Ez horixe!!! –beste guztiek.

RIIIING, RIIIING, RIIIING!!! esnatu nau iratzargailuaren soinuak. Arraioa! Ametsa izan da dena!!!

Hala bazan edo ez bazan, sar dadila ate misteriotsuan eta atera dadila historiaurrean!!!