Mozorroen armairua

LH5 – Ipuina – Saritua
Peru Irazu Larrazabal

 

Aste eta erdi falta da inauterietarako, eta ez dakit zertaz mozorrotu. Mikel naiz 10 urte ditut, eta Getarian bizi naiz. Aitari eskatu diot laguntza, ea ideiaren bat ematen didan, baina ez dago etxean, lanean da.

Bat-batean gogoratu naiz ganbaran badugula armairu bat mozorroz betea. Giltza hartu eta ziztu bizian igo naiz mozorroa aukeratzera.

Armairua oso handia da, ia ganbara osoa bezain handia. Ateak bi helduleku ditu, kostata ireki dut. Alde batean arropak daude, eta bestean txapel, ezpata, pailazo zapata, ileordeak…

Urteetan zehar, mozorro pila joan gara gordetzen. Armairua hain da handia, barruan sartu behar izan naiz mozorroak aurkitzera.

Epa, hemen pirata mozorroa! Jantzi egingo dut. Mozorroa jantzi ostean, armairuaren bi ateak itxi egin dira, barruan nago, dena ilun. Bat-batean, Karibeko uharte bat ikusten da, aaagg!, aaagg!, loroa sorbalda gainean dut, papar gorria eta hegoak urdinak ditu.

— Hi, Mikel pirata, hator nire itsasontzi piratara, goazen Karibeko altxor ospetsua bilatzera.

Kapitainak ile gorri luzea du, bizarra oso iletsua, ia ez zaio aurpegirik ikusten, txapel beltzean luma gorri luze bat, esku batean ezpata eta bestean paper modukoa bat dauka.

Ez dut aukerarik izan ezetz esateko, kapitainak lepotik hartu nau eta bere itsasontzian sartu. Mapa bat du eskuetan, erakutsi dit: palmera bat, uharte bat, tximino forma duen haitza, bi ezpata gurutzaturik, ur jauzia… Ez dut ezer ulertzen, baina kapitain ile gorriak zer egiten duen badakiela ematen du.

Kapitainak aginduak ematen pasa du eguna. Itsasontzia asko mugitzen da, dagoen itsasoa ez da barea, gora-behera, gora-behera, berriz ere gora-behera, ezin dut gehiago. Tripak eztarrian ditut, hau botalarria, non dago altxorra?

Hau ez da nik pentsatu bezain mozorro ona.

Berriro ere ilunpetan aurkitzen naiz, pixkanaka baretu zait sabela. Pirata mozorroa erantzi eta beste bat aurkitu dut. Oraingoan pailazoarena jantzi dut, ileorde berdea, kolore ugariko laukidun galtzak eta kamiseta horia, eta lepoan lurrerainoko gorbata.

Jantzi orduko, begi bistan azaldu zait zirkuko karpa berde-gorria. Inguruan, trapezistak daude, entseguan ari dira, maila gorri eta distiratsuak dituzte jantzita, eskuetan hauts zuria eman eta eman. Haien atzean kanoi erraldoia ikusi dut. Hau ikusgarria izango da.

Oraingoan mozorroarekin asmatu dudalakoan nago, abentura bikaina izango da. Sorbaldan esku bat sumatu dut.

— Zure txanda da, zure txanda da! –errepikatu dit, karpa seinalatuz.

Barrura sartu naiz, jendez gainezka dago. Usain gozoak datozkit, krispeta eta karameluz bustitako sagar gorriarena. Umm… ze goxoa!

Pistaren erdian trizikloarekin ari den pailazoak, eskuarekin beregana hurbil natzaion adierazten dit, eta horrelaxe ekin diot. Ni malabarak egiten hasi naiz, baina denak segidan lurrera jausi zaizkit. Hasieran jendeak barre egin du baina jada hasi zaizkit, haserre aurpegiz, krispetak jaurtitzen. Banoa hemendik.

Berriro ere armairuan naiz, hobeto pentsatu beharra daukat zein mozorro jantzi.

Zer moduz errugbi jokalariarena? Ez dut uste arrisku handirik izango duenik.

Jantzi bezain azkar, errugbi partida batean nago, zelai erdi erdian, eta taldekideak ditut lepotik eusten. Kantu bat oihukatzen dute, hankak lurrean, bat eta beste bizkor mugituz. Begi azpiak kolore beltzaz margoturik dituzte eta haserre dirudite.

Bat agindu modukoak ematen hasi da

— Gorria ezker eta bat aurrera.

Ene! Hau hasi da, zer egin behar dut? Baloi modukoa pasa didate, baina zer egin behar dut? Geldirik geratu naiz, aurkariak gainera bota zaizkit, hau mina, hau mina.

Bukatu da, eskerrak, hezur guztiak puskatu ditudala sentitu dut. Armairu erraldoi honetan bilatuko ote dut ondo doakidan mozorro bat?

Hara! Hor non dagoen gamelu mozorroa! Agian, Saharako oasi eder batean, belartxoak murtxikatuz azalduko naiz. Armairuaren atzealdean, duna modukoa ikusten ari naiz, dunan gamelu ilara luze bat. Ahotik tira didate, sokak ditut buru eta ahotik pasata. Bizkar gainean zama galanta igartzen dut –ez zait harritzen– bi turista ditut gainean, bat ezkerraldean bestea eskuinaldean. Aurrean beste gamelu bat doa, lotuta gaude. Eta oasia non ote?

Armairuan naiz berriro, azken mozorroa dut hurrengoa, lehen baino okerrago nago. Zertaz mozorrotuko naiz?

Baina, asmatuko al dut azkenekoarekin? Ideia bat dut, eta mozorrotzen banaiz, armairu batetaz?

Armairuan mutil bat azaldu da, begi erraldoiak ditu, harridura begirada. Zein ote da?

— Epa, Mikel. Inauterietako zaindaria naiz, mozorroak eta mozorroak janzten ikusi zaitut. Inauteriak kolore, irudimen, musika, dibertsio jaiak dira, ez duzu mozorro zehatz bat behar, apaindu lehenik aurkitzen duzunarekin, alaitsu eta ondo pasatzera irten, kale giro koloretsuaz gozatu!

Ba, hori egingo dut, kalean, musika, soinu izango naiz, kolore askorekin nahastuko naiz, umorez bustiko ditut ingurukoak eta ondo pasatzera joango naiz lagun guztiekin. Zatozte irudimena askatzera! Ondo pasatzera, lagunekin egotera. Gora inauteriak eta gora zuek!