Zaldi beltza

LH4 – Ipuina – Saritua
Suzanna McCallum

 

Bazen behin Maite izeneko neska bat basoaren ondoan zegoen baserri handi batean bizi zena. Maite oso alaia zen eta beti laguntzeko prest zegoen. Baserrian behiak, ardiak, untxiak, oiloak… zeuzkan baina zaldirik ez.

Gauero, Maitek zaldi beltz batekin amesten zuen. Gaueko ilunpea bezain beltza zen, begiak gaueko izarrak bezain distiratsuak zituen, aurreko hanka bat zuria zuen eta buruan izar bat.

Egunero bere gurasoei galdetzen zien ea zergatik ez zuten zaldi bat baserrian:

— Zergatik ez dugu ba, baserri handia dugu eta?
— Lan gehiegi da zaldi bat zaintzea! –erantzun zion aitak.
— Behiak lan gehiago ematen dute eta!
— Bai zera!
— Mesedez, aita…
— Ez!!!

Tristaturik, Maite bere gelara abiatu zen, baina bidean zerbait entzun zuen leiho ondotik pasatzean, basotik zetorren soinu bat.

Eskailerak azkar batean jaitsi zituen, erdi urduri, erdi pozik. Basorantz abiatu zen ziztu bizian, baina amak galdetu zion:

— Nora zoaz, Maite?
— Basora, ama –erantzun zion.

Berriz ere soinu berdina entzun zuen, basotik zetorren!!! Gehiago gerturatu zenean, zerbait ikusi zuen: animalia bat zen!!!

Baina ze animalia da hori?, galdetu zion bere buruari. Ez, ezin zen izan, zaldi bat zen!!! Eta, gainera, gauero amesten zuen zaldi bera zen: beltza, begiak izarrak bezain disdiratsuak, hanka bat zuria eta buruan izar bat!

Hurbildu zenean, zerbait gaizki zegoela antzeman zuen: aurreko hanka bat minduta zuen. Ezin zuen ba han utzi!

Orduan, ideia bat bururatu zitzaion. Baserrian txabola txiki bat zeukaten eta aitak ez zuen erabiltzen. Hara eramango dut eta ez diot nire aitari ikusten utziko, pentsatu zuen berekiko.

Baina, nola eraman zaldia?

— Ah, ideia bat dut!

Korrika etxera joan zen eta sukaldean badaezpada ere hiru sagar hartuta, berriro ere korrika abiatu zen basora. Ailegatutakoan, sagar bat atera eta kontu handiz zaldiari eskaini zion. Gero, bestea erakutsiz, zaldia zutiarazten saiatu zen. Lortu zuenean, oinez eraman zuen nahiz eta herrenka egin. Baserrira iristean, zaldia gelditu egin zen, baina azkenean, tiraka, lortu zuen zaldia txabolara sartzea. Ia nahiko garbia zegoen eta belarra eta ura bakarrik behar zituen. Argia ere ba zegoen.

Behien belar pixka bat hartu, balde bat urez bete eta zaldiari eman zizkion. Izadi izena jarri zion.

Egun batzuk pasa eta gero, zaldiaren gainean jartzen saiatu zen, nahiz eta inoiz ez zuen horrelakorik egin. Azkenean, lortu zuen.

Egun batean, Maitek dena kontatu zien bere gurasoei eta hauek ikusi zutenean hainbeste egunetan berak bakarrik hain ondo zaindu zuela, bertan gelditzeko baimena eman zioten. Maite pozik geratu zen.

Handik egun batzuetara, kalean zebilela, Maitek ume bat ikusi zuen oso kezkaturik, eta galdetu zion:

— Zer gertatzen zaizu?
— Baserri batean bizi naiz eta zaldiak, behiak, ardiak, txerriak… ditugu baina, zaldi batek ihes egin zigun. Gainera, nire gustukoena zen.

Maitek, ondo pentsatu eta gero, esan zion:

— Nik zaldi bat aurkitu nuen basoan.
— Nolakoa zen? –galdetu zuen mutilak.
— Beltza, hanka bat zuria eta begi disdiratsuak.
— Ikus dezaket? –galdetu zuen mutilak.
— Noski!

Baserrira joan eta Maitek mutilari zaldia erakutsi zion.

— Berdin berdina da! –esan zuen harrituta.
— Nahi baduzu, eraman –erantzun zion Maitek triste.
— Ez. Zu zaintzaile hobea izango zara.

Maite oso harrituta zegoen; eskerrak eman zizkion eta besarkatu egin zuen mutila.

Handik aurrera, oso lagun onak egin ziren eta egunero Mikel izena zuen mutila Maite eta zaldiari kasu egitera etortzen zen.