E(ra)baki

14-16 urte – Bertsoa – Saritua
Amets Aizpurua Mancisidor

 

Doinua: Norbere mundu intimo

 

— I —
Jaio ginen gurasoen
erabaki bat tarteko,
noizbait erabaki zuten
mesede edo kalteko.
Euskaraz hezi ninduten
haien ustetan hobeto,
baina guztia ezin da
izan gaur zorioneko:
nire kabuz hartu ditut
makina bat koskorreko.
Ordutik erabakiek
okupatzen naute seko.
Ikasten joan naiz eta
oraindik dut ikasteko,
erabakiz jaio ginen
eta erabakitzeko.

 

— II —
Azterketak hasten dira
ta galtzen naiz aukeretan:
zuzena zein izango den
A, B, C, D naiz dudetan.
Ta airearen pisua
azaltzen zait sorbaldetan,
zailtzen doaz nire lanak
eskolako urteetan:
ate bat itxi beharra
leihoa zabaltzekotan
txikitasunetik handi
izateko ametsetan.
Galderak dauzkagu mila,
ustez erantzunak bertan,
eta zer egiten dugu
zuzenik ez den honetan?

 

— III —

Batxilergoa badator
hainbat erabaki lagun
ta orduan zenbat duda
imajina ditzakegun.
Esaten dizute “Hori
hobe litzateke segun”,
baina begira kanpora,
ikusi egunez egun.
Begira azken urtean
ze panorama daukagun:
aldaketa da nagusi
eta kaosa ezagun.
Erabaki bat hartzean
nola behar dugu jardun
ez badugu argi ezta
bihar zer egingo dugun?