Hegan egiteko modurik hoberena

LH6 – Ipuina – Aipamen berezia
Kaiet Albizu Aizpurua

 

Orain dela 50 urte mendi bateko baserri txiki batean ama eta seme bat bizi ziren. Jose Marik 12 urte zituen. Udaberriko txoriak bezain alaia zen, baina zerbait buruan sartzen zitzaionean… ea nork aterako zion.

Mostaza koloreko ile motza zuen Jose Marik eta 1,45 metro neurtzen zituen. Musika orokorrean asko gustatzen zitzaion eta ez zuen batere gustuko irakurtzea. Fantasiak flipatu egiten zuen Jose Mari, fantasiazko amets asko egiten zituen. Egun batean amestu zuen tele-transportatu egiten zela; beste batean ilusionismoa egiten zuela. Hegan egiten zuela ere amestu zuen behin edo behin. Ia momentu oro magian pentsatzen ari zen.

Maria Jesus, Jose Mariren ama zen. Umore txarrekoa eta burugogorra zen. Txankleta bat eskuan zuela ibiltzen zen beti. 40 urte zituen, oso marimandona zen eta ile luzea, ondulatua eta beltza zuen.

Udako oporrak ziren eta Jose Mari leihoaren koxkan zegoen eserita. Bat-batean, txori bat ikusi zuen bere etxe ondoko zuhaitz batean. Handik denbora gutxira hegan alde egin zuen. Hurrengo egunean, berriz ere, berdina gertatu zen. Txoriak hegan alde egin zuenean, Jose Marik esan zuen:

— Hegan egin nahi dut.

Bere amari kontatu zionean, txankletazo bat joz erantzun zion:

— Erotu egin al zara?!?! Nola egingo duzu ba zuk hegan?!

Jose Mari gajoa negar batean joan zen bere gelara, portazo batez atea itxi zuen kisketarekin eta ohe gainera bota zen. Inork ez zuen Jose Mari ulertzen eta ez zituzten bere ametsak errespetatzen. Ia egun guztia gelan sartuta pasa zuen. Pentsamendu asko zituen bere buruan: amak ez ziola ezertan lagunduko bere ametsekin, nola egin zezakeen hegan berak bakarrik…

Gauean lotara joan aurretik konturatu zen berak bere kabuz ezin izango zuela hegan egin, laguntza beharko zuela: lumak, kartoia, globoak… Goizean ukuilura abiatu zen, oiloei lurrera eroritako lumak hartzera. Zelorekin guztiak pegatu zituen. Lumak hartu eta basora abiatu zen, pentsatuz hor ez zuela bere amak aurkituko. Beso bat luzatu zuen eta hor pegatu zituen luma guztiak. Beste besoan berdin. Ama bitartean zeloa bilatzen ari zen, haserre, laneko paper batzuk pegatzeko. Jose Mari zuhaitz txiki batera igo zen, hegoak astintzen hasi zen eta azkenean salto egin zuen. A ze kolpea hartu zuen! Eskerrak zuhaitza ez zen handia, piska bat handiagoa izan balitz…

Etxera bueltatu zenean amak galdetu zion ea zeloa non zegoen ba ote zekien. Jose Marik ez zion esan nahi zertan ibili zen eta gezurra esan zion, lagun baten etxera joan zela eskulanak egitera.

Hurrengo egunean itxulapikotik 10 pezeta hartu zituen eta merkatura abiatu zen. Globo poltsa bat erosi zuen eta poz-pozik etxera bueltatu zen. Amak galdetu zion ea zertarako behar zituen globo horiek, eta festa bat prestatu behar ziotela erantzun zion. Arratsaldean globoak hartuta berriz ere basora bueltatu zen. Globo guztiak puztu eta elkarrekin jarri zituen. Baina konturatu zen berak puztuta ez zutela flotatzen, helioa behar zutela. Baina berak ez zuen helioa erosteko beste diru. Goibel etxera itzuli zen. Amak galdetu zion ea zergatik zegoen horren goibel eta erantzun zion ez zela inor festara azaldu.

Hurrengo egunean amak liburu bat eman zion. Jose Marik ez zuen irakurri nahi. Amak liburua irakurtzera behartu zuen. Zer erremedio! Irakurtzen hasi zen. 4 egunetan jada irakurrita zuen liburua.

Orduan konturatu zen hegan egiteko modurik hoberena irakurtzea zela: fantasiaz beteriko mundu askotara bidaiatzeko aukera ematen baitzion. Handik aurrera liburuak irakurtzen jarraitu zuen, hori baitzen hegan egiteko modurik hoberena.