Jakituna eta kuriosa

Helduak– Ipuina – Saritua
Ane Azkue Etxeberria

 

Gizon zahar bezain jakintsu bat bizi zen Artikutza parkean. Betidanik, bere aitak eraikitako egurrezko etxetxo batean bizi zen, hain zuzen ere, San Agustin ermitaren eta Enobieta urtegiaren artean. Oso gizaseme atsegina zen, apala eta jakintsua, eta inguruko jendeak asko maite eta errespetatzen zuen. Izan ere, edonor joanda ere laguntza eske, benetan laguntzen zekien zahar hark, eta, ondorioz, inoiz ez zitzaion falta bisitarik. Inguruko herritarrek sarriegi galdetzen zioten zergatik bizi zen han bakarrik eta zergatik ez zen ezkondu emakume harekin gazteagoa zenean.

Egun batean gizon zaharra gaixotu egin zen. Orduan, herritar guztiak elkartu eta bilera bat egin zuten zainketa lanak antolatzeko. Jadanik hilzorian zegoen, eta herritarrek bazekiten agureak denbora gutxi iraungo zuela bizirik. Berehala denak prest agertu ziren gizaseme jakituna zaindu eta agurtzeko, are eta gehiago, irrikan zeuden. Nahiz eta hainbat tirabira sortu hautaketa prozesuan, azkenean, behintzat, zozketa bidez egitea erabaki zuten eta halaxe egin ere. Tokatzen zitzaionak jakin behar zuen berari zegokiola, zaintzaz gain, egurrezko etxe txiki hartan bizitzen jarraitzea eta agurearen lekukoa hartzea, Agustin zaharrak ez baitzeukan ondorengorik eta hori zen bere aitarengandik jasotako ituna.

Horrela bada, herriko neska gazte bati tokatu zitzaion Artikutzako txabolara igotzeko aukera. Herritarren artean inoiz ez zuten hitz egin neska edo mutila izango zen jakintsuaren lekukoa hartuko zuen pertsona, baina, nahi gabe, gehienen burmuinetan mutil baten ideia errotuagoa zegoen neska batena baino, betitik gizonezkoa bizi izan baitzen txabola hartan: a ze poza batzuentzat eta nahigabea besteentzat! Neska, pozaren pozez zoratu beharrean, korrika joan zen bere amaren etxera. Egun hartan bertan, bere gauzak hartu eta basorantz igo zen motxila bizkarrean eta txirula eskuetan zuela kantari:

 

Txoria nintzela,
txoria nintzela,
sinistu nuen sinistu.
Amets polit hura
amets polit hura
gaur ere
nahi nuke sinistu.
Mendi eta zuhaitz,
ez nuen ez beste etxerik,
txiruli, txiruli
egun guztian kantari.

Txiruli, txiruli, txiruli, txiruli
errekatxo guztietan.
Txiruli, txiruli, txiruli, txiruli
egiten nuen igeri.
Zuhaitz adarretan
gora behera txio-txioka, katagorritxoak
adarrez adar saltoka.
Txiruli, txiruli, txiruli, txiruli
guztiok elkarturik
txiruli, txiruli, txiruli, txiruli
jolasten ginen kukuka.

 

Zorionekoa sentitzen zen, behingoagatik bazen ere, zozketa baten onuraduna zelako, baina batez ere sariagatik, ezohikoa zen opari bat baino gehiago zelako egokitutakoa.

Ingrid eta Agustin agurearen artean aspalditik zegoen konexioa edota kimika berezia, biek gizartea ikusteko eta ulertzeko modu antzerakoa baitzuten, eta askotan, gaueko ordu txikiak arte egon ohi ziren berriketaldi luzeetan eta interesgarrietan murgilduta. Hori zela eta, behin baino gehiagotan, Ingrid zerua ilunduta eta ilargiaren argipean jaitsi izan zen herrira, edo bestela biharamunean, goian lo eginda, herritarren artean zeresana zabalduz.

Ingridek ez zuen imajinatu ere egiten zenbateraino botako zuen faltan lagun zaharra.

Gaua zen Ingrid txabolara iritsi zenean. Agustin ohean zegoen manta kapez estalita. Ingrid berehala hasi zitzaion herrian gertatu zena azaltzen, baina ez zuen erantzunik jaso. Hala ere bazekien entzuten ari zitzaiola eta hizketan jarraitu zuen zopa egin bitartean. Berak han bizitzen jarraituko zuela esan zionean, orduan, agureak hitz batzuk ahoskatu zituen. Neska agurearengana gerturatu eta belaunikatu egin zen; gazteak goxo-goxo laztandu zion bizkarra zaharrari. Berriro ahoskatu zituen hitzok, baina oraindik ezin ulertu Agustin zer esan nahian zebilen. Ingridi mugikorrarekin agurearen ahotsa grabatzea bururatu zitzaion, agian horrela, bolumena igota uler ziezaiokeen.

Gau hartan, Agustin jakintsuak zopa koilara pazientzia handiaren laguntzarekin irentsi zuen. Kostata bazen ere, Ingridi iruditu zitzaion pixka bat suspertu ote zen. Orduan, grabagailua martxan jarri zuen biek batera entzun zezaten minutu batzuk lehenago grabatutakoa; U R T E G I A zen argi eta garbi uler zezaketen hitza, eta momentu hartan, Agustinek beste hitz bat gehitu zion aurrekoari: I N G R I D.

Ingrid gazteak zaharraren sorbaldan pausatu zuen bere burua eta begirada galtzen utzi zuen jakintsuaren bi hitz haien arteko lotura aurkitu nahian. Minutu luzez egon ziren horrela, loak hartu zuten arte. Goizeko ordu txikiak ziren, eta Ingridek hotza sentitu zuen. Orduan, agurearen manta partekatzea erabaki zuen, eta isil-isilik mantari izkina batetik tira zion. Tira eta katakrak!, zerbait gogorra erori zen lurrera. Ingridek, orduan, aulkitik altxatu eta mugikorreko linterna piztu zuen lurrean zegoena jasotzeko. Liburu bat zen, baina marrazkirik ez zuen azalean, kolore ilun bakarrekoa zen. Ingridek, orduan, eskuetan hartu eta parez pare zabaldu zuen. Agustinen egunerokoa zen.

Eguna

Biharamunarekin batera, herri osoa igo zen Artikutzara Agustin jakintsuari azken agurra ematera. Ingrid arduratu zen gorpua apaintzeaz eta baita ere gerturatzen ziren herritarrei mokadutxoa prestatzeaz. Ezin zuen burutik kendu egunerokoa, irakurtzen hasteko irrikaz zegoen; mugikorreko grabagailuan gordetako hitz haiek ere oso presente zituen. Egun guztian zehar ez zen jenderik falta izan egurrezko txabolan eta jada Ingrid nekatuta zegoen. Gainera, jendeak berari ez zegokion galderak egiten zizkion, eta horrek asko molestatzen zuen neska. Azkenean, behintzat, Agustin defuntua bere aitaren ondoan lurperatu zuten eta Ingrid bere etxe berrira bueltatu zen.

Leiho ondora mugitu zuen aulkia, ilargi betea baitzegoen ilunabar berezi hartan; parekorik ez zuen aurkituko inoiz. Bakarrik zegoen txabola hartan, ermita eta urtegi baten artean. Haizea gero eta bortitzagoa zen eta gau giroa tirabiratsua ari zen bilakatzen. Ingridek egunerokoan jarri zuen arreta osoa. Neska berehala konturatu zen Agustini asko gustatzen zitzaiola idaztea; idazteko moduagatik nabari zitzaion. Idatzi ez ezik, argazki batzuk ere pegatuta zeuzkan, eta baita marrazki batzuk eginak ere. Collage formatua zuen egunerokoak.

Bigarren orrialdeko argazkian jarri zuen arreta Ingridek. Emakume batena zen, agian berak beti entzun izan zuen emakumea izan zitekeen, hau da, Agustinen bikotea izandakoa. Ez zuen ulertzen zergatik kezkatzen zen jendea emakume harekin ez ezkondu izanaz. Argazkia kolarekin zegoen pegatuta, eta Ingridek, laban batez baliaturik, itsatsitako paperetik askatu zuen. Data nahi zuen ikusi, eta pentsatu zuen argazki hark atzean izango zuela. Data ez ezik, herriaren izena ere agertzen zen: 1959eko irailaren 13a, Donostia, Ingrid izenez sinatuta.

Neska, aulkitik mugitu ere egin gabe, ilargiaren argipean horitu ez ezik, zuri geratu zen. Taupadak bizkortu egin zitzaizkion, eta momentu batez egunerokoa leiho ondoan utzi zuen. Arnasa hartu beharra zeukan. Begiak itxi zituen eta kulunkaulkian lo geratu zen aurreko egunetik oraindik ere epel mantentzen zen manta azpian. Arrazoi nahikoa zuen Ingridek lo hartzeko, benetan egun gogorra izan baitzuen, eta, gainera, aurreko eguneko istorioa ere burutik ezin kenduta zebilen. Dudarik gabe, tentsio handiko eguna izan zen, hurrengo eguna lasaiagoa izatea espero zuen.

Biharamuna

Kulunkaulkia kulunkatzen hasi zen, kafe usainak egurrezko txabola bete zuen bere aromaz eta eguzkiaren argi dirdiratsuak ilargiaren kolore hori zuria ordezkatu zuen. Irekitako leihotik txorien txorrotxioek lagundu zioten Ingridi Agustinen egunerokoa irekitzen. Oraingoan, zuzenean, bigarrengo orrialdean jarri zuen arreta eta konturatu zen aurreko egunean irakurritako data berean hasi zela agurea eguneroko hura idazten.

Agustinek 1959. urtean hogeita hamar urte zituen, eta Ingridek ere hor nonbait zirudien. Argazki hartan jende kopuruagatik eta haien aurpegien espresioagatik festa giroa atzeman zitekeen. Egunerokoaren hirugarren orrialdera biratu zuren burua, eta oraingo honetan, biak agertzen ziren argazkia zegoen. Ingrid orduan konturatu zen Agustin zaharra gaztetan arraunlaria izan zela eta Kontxako Bandera Eguna ospatzen ari zirela, horregatik zeuden hain pozik.

Egunerokoari orriak pasatzen jarraitu zuen neguko datak iritsi ziren arte. Bestelakoa zen orrialde hartan, 1960ko otsailaren 5ean, irakur zitekeen testua: Ingrid, egunero bezala, urtegira joan da. Izotz-plakaren zati bat puskatu da eta ondorioz uretara erori da. Esana nion neguan adi ibili behar zuela, bereziki berak, itsua baitzen, eta ni herrena, ondorioz, ezin izan diot lagundu. Egun batean norbaitek aterako balu, nire ondora ekartzea nahiko nuke eta ermita dagoen tokian hilerri bat eraiki non aita, itsua eta herrena elkarrekin egongo garen betirako.

Ez zuen jarraitu gehiago irakurtzen. Kulunkaulkia geldirik eta hutsik geratu zen, urtegia bezalaxe. Urtegiko ura gatzatua zela konturatu zen, hainbeste negar-malkoen ondorioz, pentsatu zuen bere baitarako.

Agustinek idatziz adierazitako nahia bete zuen Ingridek.

Handik aurrera, Ingrid gazteak urtegia gatza ekoizteko errota bilakatu zuen eta herritarrei gatza saltzetik bizitzea lortu. Modu horretan, inoiz ez zitzaion bisitarik falta izan egurrezko txabola hartan.

Errota Agustinen gatz-errota izendatu zuen.