Liburu magikoa

LH6 – Ipuina – Saritua
Irati Vicente Ezenarro

 

— Enara, esnatu bizkor! –oihu egin zion bere ama Amaiak.
— Enara, ahaztu egin al zaizu Durangoko Azokara goazela? –gehitu zuen Amaiak berriro ere oihu eginez.

Enara ziztu bizian jaiki zen ohetik, pozaren pozez. Ahaztuta zuen abenduaren 6a zela, eta urtero-urtero abenduko zubian Durangoko Azokara joaten zirela.

Enara 11 urteko neska alaia, eskuzabala eta ausarta zen, milaka abenturari aurre egiteko eta mundua ezagutzeko prest zegoena. Begi eta ile marroi-marroiak zituen, Getariako kolorea bezain ilunak, eta berari gehien gustatzen zitzaiona lagunekin esploratzera joatea zen.

Armairutik galtza bakeroak, niki marraduna eta Vansen jertse arrosa hartu zuen, eta sarrerara joan zen ondoren, Converse oinetako zurien bila.

Sukaldera iritsi zenean, jada mahaian eserita zeuden, bere ahizpa Leire, aita Aitor eta Amaia. Beraz, bera azkena zen.

— Egun on, maitea –agurtu zuen aitak.
— Berdin –erantsi zuen alabak.
— Zatitu dizkizut marrubiak eta intxaurrak, eta egin dizut laranja-zukua –esan zion amak.
— Eskerrik asko, ama –gehitu zuen Enarak marrubi puska bat dastatuz.

Enarak gosaria bukatzerako 10:30ak ziren jada eta lehenbailehen joan ziren garajera auto gorriaren bila.

Ia ordubete beranduago, kotxea aparkatu eta Durangoko Azokan sartzear zirela, Leirek honela esanez hasi zuen elkarrizketa:

— Ez al zaudete irrikatan Durangoko Azokara sartzeko? Ze ni pozez txoratzen nago.
— Noski, ni irrikatan nago liburuak eta Goazenen CD berria erosteko! –gehitu zuen elkarrizketara Enarak.
— Aizu, eta nork esan dizu zuri liburuak eta Goazenen CD berria erosiko dugula? –jarraitu zuen amak elkarrizketarekin.
— Jooo! Nik nuen ilusioarekin… –erantzun zion Enarak apur bat penaturik.
— Txantxa zen, neska! –esan zion amak broma tonuz.
— Eskerrak! –gehitu zuen azkenik Enarak, elkarrizketa bukatzeko.

Ordu eta erdi beranduago, Kafe Antzokira zerbait jatera zihoazenean, Enara eta Leire izenbururik ez zuen liburu batek distraitu zituen, eta horren ondorioz, atzean gelditu eta galdu egin ziren.

Enarak, liburu horri begirada bat botatzeko irrikaz zegoenez, liburua ireki eta lehenengo orrialdean hau jartzen zuela ikusi zuen: Oso ausartak izan zarete liburu hau irekitzen. Aurrera ez jarraitzea gomendatzen dizuet.

Enara eta Leire harriturik gelditu ziren, zergatik jartzen zuen hori liburuan? Goazen aurrera! pentsatzen baitzuten beraien baitan.

Biek elkarri pentsamenduak irakurtzen zizkiotela zirudien, liburua biek batera hartu baitzuten. Orrialdea pasatzean Kontuz! jartzen zuen letra handi eta beltzekin. Horri begira egon ziren instant batez, baina segituan… Zast! Enara eta Leire liburuaren barruan sartu ziren, Durangoko Azokatik desagertu ziren!

Leku nazkagarri batera iritsi ziren, non etxeak, parkeak hondartzak… dena plastikoz eta zaborrez beterik zegoen.

— Non ote gaude, Enara? –galdetu zion Leirek interesez.

Enarak zuhaitzean zintzilik zegoen egur pusketari begiratu zion, eta egurrean Ongi etorri etorkizunera jartzen zuela ikusi zuen. Hitzak osatu ezinik, totelka erantzun zion Leireri:

— Badakit zaila dela ulertzeko, baina… etorkizunean gaude, Leire!

Leirek harriturik begiratu zion baina gero, aurpegia alaituz, esan zuen:

— Orduan, liburuak etorkizunera eraman gaitu?
— Bai, eta horko plastiko guztiak esan nahi du, ez badugu gure planeta garaiz zaintzen, etorkizunean horrela bizi beharko dugula –esan zuen Enarak aurpegia ilunduz.

Enarak eta Leirek ez zuten denborarik galdu etxe eta parke guztietako zaborra kentzen, eta amaitzerako, nazka-nazka eginda zeuden, gutxienez 7 ordu eman baitzituzten zaborra kentzen.

Lan guzti hori eginda, pozik zihoazen etxera, baina bat-batean, hesi bat azaldu zen beraien aurrean, eta ahots bat, esanez: “Et, et, et! Nora zoazte zuek froga egin gabe? Taula hau bete behar duzue etxera joateko”.

Data: ……………
Ordua: ……………
Durangoko Azokara joateko hitz-jokoa: ……………

Enarak eta Leirek taula betetzeari ekin zioten. Azkar idatzi zituzten data eta ordua, 2021/12/06 eta 13:38, baina ez zekiten zer jarri hitz-jokoan.

— Enara, ez al zaizu ezaguna egiten hitz-joko hori? Iruditu zait Durangoko Azokara sartzean ikusi dudala… –esan zion Leirek, pentsakor.
— Badakit! DA! Horixe da Durangoko Azokako hitz-jokoa. Inizialez osatua, noski!

Taulan idatzi, Egina! botoiari eman eta bat-batean Durangoko Azokan azaldu ziren.

Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila etorkizunean, eta atera dadila Durangoko Azokan!!!