En attendant

Helduak – Olerkia – Saritua
Amets Aizpurua Mancisidor

 

Ez da lehen aldia
idazten dizudala
ezagutuko bazintudan bezala,
baina ezagutu gabe,
inoiz elkar ikusi gabe.
Badakit ikusten nauzula
maskara beltz horren atzetik,
hari ilunen artetik
irteten diren argi izpiek
erakusten baitidate
non den eguzkia.

Zuk ikusten nauzu,
nik ikusten zaitut,
baina bion arteko bidea
argitu behar zuen argiak
itsutzen nau,
zure argiak.
Eta ez zaitut ikusten.

Nire bizitzako onena
izango omen zara
zure izpiek nire azala
gurutzatzen duten unean,
guztia errez bidean
arrastorik utzi gabe.

Baina zerbait bada
zure begietan,
zure unibertsoko izarretan,
itsu naukana.
Izar bat
tunelaren amaieran.

Zu izango omen zara
nire bizitzako onena.

Nik
prest daukat dena.

Nahi duzunean
etor zaitez bisitan
ene pinuzko kutxara.