Getariako ate misteriotsua

LH4 – Ipuina – Saritua
June Vicente Ezenarro

 

Lore izeneko neskatxa bat nagiak ateratzen ari zen ispilu aurrean. Hamar urte zituen eta lore bat baino ederragoa zen: ile horia zuen, begi urdin berdexkak eta oso jatorra zen, bai familiakoekin, bai lagunekin.

Udako oporrak ziren eta Lore egunero bezala, plazara jaitsi zen, bere lagunekin jolastera: Anerekin, Maiderrekin eta Jarerekin. Ezkutaketan ari ziren eta Maider zenbatzen ari zen. Lore, ezkutatzeko lekuaren bila zebilela, koloretako ate bat ikusi zuen. Loreri oso bitxia iruditu zitzaion, beste egunetan ez zegoelako atea. Ziztu bizian, lagunei deitu zien:

— Begira, koloretako ate bat! –esan zuen Lorek misteriotsu aurpegiarekin.
— Noiztik dago ate hau hemen? –galdetu zuen Jarek, zur eta lur.
— Atzo behintzat ez! –jarraitu zuen Anek.
— Tira, zer… sartuko al gara? –esan zuen Lorek are urduriago jarriz.
— Ezta pentsatu ere! –Maiderrek beldurrez dardarka.
— Beldurtiiii… –esan zioten lagunek.
— Ados… –esan zuen berak orduan konbentzitu gabe.
— Primeran! Bat, bi eta hiru!

Barrura sartu ziren.

— Non gaude? –esan zuten denek aldi berean.

Aho zabalik geratu ziren denak. Hiri izugarri handi batean zeuden! Baina non ote zeuden? Ideiarik ere ez! Bat-batean, kartel bat ikusi zuen Lorek. Hauxe jartzen zuen: “GRAND ROUE”.

Jendea hizkuntza arraro batean hitz egiten ari zirela ere entzun zuten. Eta bazekiten ez zeudela Euskal Herrian, zeren… hain hiri handia zen!

Anek frantsesez apur bat zekienez, jendeari galdetzea pentsatu zuen, ea non arraio ote zeuden. Lehena, gizon bibotedun handi bat ikusi zuen eta esaldi arraro bat galdetu zion, lagunek ulertzen ez zutena. Ane ez zegoen oso konbentziturik esaten ari zenarekin baina gizonak erantzun egin zion irribarre handi batekin, eta Anek ulertu egin zion!

— Bordelen gaude! –esan zuen Anek.
— BORDELEN??? –harritu ziren.

Eta egia zen: kartel asko zeuden Bordeaux jartzen zutenak. Frantsesez Bordele esan nahi zuen. Bordelek itxura hauxe zen: koloretsua, argia, jendez beterik zegoen…

Handik segundo batzuetara, Jare noria baten ilaran zeudela konturatu zen:

— Begira! –esan zuen–. Noriako ilaran gaude eta!
— Nola da posible? –esan zuten Maiderrek eta Lorek aldi berean.

Noriako emakumea frantsesez hitz egiten ari zen. Anek itzulpena egin zien lagunei.

Orduan ulertu zuten noriako emakumea barrura sartzeko eskatzen ari zitzaiela zeren ilaran aurrenak zeuden eta bakoitzak jada bazuen bere sarrera eskuetan!

— Zein bitxia, ezta? –esan zuen Anek.

Baina aukera edukita, bi aldiz pentsatu gabe Lorek esan zuen:

— Zergatik ez? Goazen barrura!
— Ni ez noa… –ihardetsi zuen Maiderrek.
— Tira Maider, ez zaitez berriz hasi txorakerietan, abentura bat bizitzera goaz eta! –erantzun zion Jarek.
— Ados… berriz ere irabazi didazue –esan zuen gure marmartiak.

Beraz, barrura sartu ziren. Makinak martxan hasi ziren eta oso urduri zeuden.

— A ze beldurra! –garrasi egin zuen Maiderrek.

Eta besteek ere beldurra zuten, ez pentsa. Pixkanaka beldurra joaten hasi zitzaien…

— Zoragarriak dira bistak! –esan zuen Jarek txunditurik.

Amaitu zen eta berriz ere igo nahi zuten. Baina eguerdiko 13:50ak ziren eta 14:00etan etxean egon behar zuten bazkaltzeko.

Etxera joatea pentsatu zuten. Gero ere berriz plazan geratuko zirela adostu zuten. Koloretako atea zabaldu eta berriz Getariara joan ziren. Plazara jaitsi zirenean, haur bat pasatu zen atearen paretik. Baina atea ireki gabe, paretik pasatzean desagertu egin zen eta gero berriz ere beste aldean agertu zen!

— Guk bakarrik ikusten dugu atea hau! –poztu ziren.

Berriz ere Bordelera joan ziren. Gero kartel bat ikusi zuten. Hori ere frantsesez idatzita zegoen eta Anek esan bezala, 16:30ean tren bat egongo zela jartzen zuen eta trenaren lehenengo geltokiaren parean, itsasontzi bat 15 minutuko buelta bat egiteko. Azkar-azkar geltokira joan ziren. Trenean bost minutu egon ziren eta ziztu bizian jaitsi ziren trenetik.

Itsasontzian, emakume bat zegoen Lore, Ane, Jare eta Maiderri ezaguna egin zitzaiena. Baina ez zekiten zein zen. Abeslari bat agian? Ala idazle bat? Ala… bazekiten euskalduna zela baina… Bidaian emakumeari begira-begira egon ziren lau neskak. Zerua kolorez beteta zegoen eta itsasoa ere bai, zeruaren distirarekin. Itsasontziko bidaia jada amaitu zen, zoragarria izan zen.

Azkenean, ezin izan zuten asmatu emakumea nor zen baina berdin zion: hortxe utziko zuten galdera zintzilik. Txokolatezko krepe batzuk erosi zituzten, oso goxoak zeudenak, eta noriaren parera joan ziren. Hantxe zegoen koloretako ate magikoa, beraiek bakarrik ikusten zutena. Ireki eta BORDELEri agur esan zioten.

— Lore, bizkor, esnatu! Berandu iritsiko zara ikastolara eta! –ahots bat entzun zuen Lorek bat-batean. Bere ama zen. Orduan konturatu zen ohean zegoela eta guztia amets bat izan zela. Pena eman zion guztia amets bat izan zelako. Izugarri gogoratzen zen oraindik bizitako abenturarekin… Ohetik ateratzean pentsatu zuen: Amets bat izan da, bai, baina agian egunen batean amets hori egia bihurtuko da, ez galdu inoiz itxaropena!