Logelatik ibaira bidean

Helduak – Ipuina – Saritua
Ane Azkue Etxeberria

 

[Logelatik] Paisaia estanpatua irudikatuz, zuhaitz enbor mehe eta lodi bertikalen artean behe-lainoa besterik ez zen ikusten logelako leihotik begiratzean. Benetako koadro bat zirudien, hain zuzen ere, egunero esnatu eta ikusi nahiko zenukeen paisaia goiztiar horietako bat. Laino hura ibai hotzaren ahotik ateratzen zela imajinatu nuen.

[Ibaitik] Kanpotik, berriz, logelan argia piztuta ikus zitekeen, ziurrenik, lanpara baxu batena. Piramide formako egurrezko teilatupean argi hark epeltasuna transmititzen zuen.

[Logelatik] Behe-lainoaren azpian ibai zabala zegoela banekien, eta ibaiaren meandroen siluetan dantzan, lehenengo orduan, ahate familiak paseatzen eta piraguistak entrenatzen ibiltzen zirela ere bai. Ikusten nuena baino gustukoagoa nuen ikusten ez nuena eta entzun nezakeena; bizidun ikusezin haietatik zetorren soinu-banda perfektua zen. Musikarik gabe ez zuen zentzu bera natura bizi hark.

[Ibaitik] Uretatik ibai ondoko etxe hartako silueta ikustea gogoko nuen. Etxeari xarma berezia ematen zion. Han barruan nor zegoen eta zertan ote zebilen galdetzen nion neure buruari, nahiz eta axolarik ez izan. Egunero ibairatzen nintzen entrenatzera, eta egunero begiratzen nituen ibai ertzeko etxe-baserri haiek. Leiho hartara begiratu gabe, ordea, ezin pasa.

Eguna argitzen hasi zen heinean, behe-lainoa desagertzen joan zen, logelako argia itzaltzean arraunlaria, artean, ibaian falta zen. «Bukatuko zuen, gaurkoz, entrenamendua», pentsatu zuen bere baitan Itziarrek, edo agian, oraindik, hastear zegoela ere pasatu zitzaion burutik.

Asteazken hura are eta zeru urdin dirdiratsuagoz jantziko zuen eguzkiak.

Itziar inoiz baino goizago atera zen etxetik egun hartan, ospitalera joan beharra zeukan erradioterapia hartzera. Bularreko minbizia diagnostikatu ziotenetik ospitalerako joan-etorriak berak nahi baino sarriagoak ziren. Bi aste zeramatzan horretan, eta, zoritxarrez, edo onez, nahiko azkar ohitu zen. Hogeita hamar urte bete aurreko egunean eman zion albistea sakelakoaren bozgorailutik ateratzen zen ahots femenino batek. Ahots goxo hark, ordea, ez zuen goxotasunik bere edukian.

Anbulantzia bat joaten zitzaion etxera, egunero, bera jasotzera. Horretan zortekoa zen neska. Hamargarren sesioa jasotzeko eguna zuen. Bera indartsu eta pozik sentitzen bazen ere, Itziar familiarengatik kezkatuta zegoen. Haiek triste ikusteak tristetzen zuen bera ere, nahiz eta itxuraz tinko mantendu. Gaixotasunaren larritasunaz jabe izan arren, konfiantza osoa zuen profesionalengan eta bere buruarengan. Gainera, esperientzia berri eta ezberdin bat bizitzen ari zela zioen eta ahal zuen neurrian gauza berriak probatzeko gogoa zuela adierazten zien familiartekoei. Horrela bada, egun hartan, medikuari kirola egin zezakeen galdetzeko asmoa zuen. Urak asko erakartzen zuen.

Bien bitartean, Josu, bere eguneroko entrenamenduan murgildu zen. Goizean ezbehar txiki bat izan zuen piragua gordeta edukitzen zuen lokalera bidean. Bizikletaz joan ohi zen, eta egun hartan gurpila zulatu zitzaion, izan ere, obren artetik pasatzerakoan iltze bat sartu zitzaion pneumatikoan. Madarikazioak besterik ez zitzaizkion bururatu hasiera hartan, baina, gero, haserretu beharrean hobe zuela konpondu pentsatuta, gasolindegi batera gerturatu zen. Han, azkenean, zuloa konpondu ordez gurpila aldatu zioten eta berriro hasierako bidera bueltatu zen, egunerokora, irrika, entrenatzera.

Ordubete irauten zuen normalean entrenamenduak; Josurentzat eguna hasteko modurik onena zen. Ibai zabal eta ondulatuan ibili ohi zen gora eta behera, kontzentratuta. Beti aurrera begiratzen bazuen ere, burua tente eta lepoa zuzen, bere begirada abaniko baten modura zabaltzen zen, ahalik eta angelu zabalena hartuz. Orduan jabetzen zen paraje haren edertasunaz, etxe hartako argi eztiaz eta pala uretan sartzearen eta ateratzearen soinu leunaz. Ez zegoen Josurentzat momentu hura bezalakorik. Ez zekien hegan zebilen edo igerian.

Goizeko ezbeharraren ondorioz, inoiz baino beranduago bukatu zuen Josuk egun hartako entrenamendua. Baina Itziar erradioterapia sesiotik bueltatu zenerako, Josu, jada, saioa bukatu eta lanera joana zen. Fisioterapeuta zen eta bere kontsulta propioa zuen herrian bertan. Horrek malgutasuna ematen zion gustuko kirola praktikatzeko, batez ere ordutegi aldetik, eta gainera, lantokitik gertu. Lanera sartzera zihoala, egun hartan hiruki formako teilatupean argirik ez zuela ikusi jabetu zen. Sabelean nahigabea sentitu zuen.

Itziar Donostiako Onkologikotik nahiko baikor itzuli zen etxera hara eraman zuen anbulantzia berberean. Medikuarekin hitz egiteko aukera izan zuelako zegoen gustura Itziar. Sendagilearen kontsultan, lotsa eta dena sentitu zuen momentu batez erotzat hartuko zuen beldurrez, baina isilune luze baten ondoren, zera galdetzera ausartu zen:

— Praktikatu al dezaket kirolik?

Osagileak adierazi zion izugarri sentitzen zuela, baina ez zitzaiola komeni kirolik egitea. Gero eta ahulagoa sentituko zela eta indarrak gorde behar zituela erradioterapiako saioekin jarraitu ahal izateko.

— Hara, Itziar, kirola egin ordez beste afizio bati hel diezaiokezu. Beti dago zerbait egiteko.

Horrela bada, Itziarrek, burmuina sano zeukala aprobetxatuz, pentsatzeko makinaria martxan jarri zuen etxerako bidean.

Josu lehenengo pazientea tratatzen hasi zen. Herriko jubilatu bat zen, biak ala biak bistaz ezagunak. Josuk, elkarrizketa ematearren, goizean bizikletarekin izandako ezbeharra kontatu zion. Julianek, orduan esku-ohean gora begira zegoela, maskara artean hitz batzuk ahoskatu zituen zerbait esan nahian. Ozta-ozta ulertu zion Josuk hark esandakoa, baina Julian ere konturatu zen eta berriro, oraingoan ozenago, errepikatu zituen hitzok:

— Hurrengoan, nahi baduk, nik konponduko diat gurpila edo dena delakoa. Erretiratu ninduanetik hainbat konponketa egiten dizkiat. Niretzat entretenimendua duk.

Fisioak eskertu zizkion hitz haiek. Bazekien erretiratu hura bezalako pertsonek gogoz eta ondo egiten zituztela mota hartako lantxoak; pozik egin ere!

— Garajeren bat beharko duzu, ba, lardaskeriatan ibiltzeko! –esan zion fisioterapeutak.
— Noski, eta badiat, ibai ondoan bizi nauk eta etxe azpiko garajean pasatzen diat ia egun osoa, tirriki-tarraka –azaldu zion jubilatuak.

Ordubeteko kontsulta amaitzeko bost minutu falta zirela, gizon helduari manta batekin estali zion sabel aldea berak eskuak garbitu bitartean. Ordaintzeko orduan, Josuk aipatu zion egunero zeharkatzen zuela ibaia bere luzeran, eta atentzioa ematen ziotela ibai ondoko etxe-baserri haiek. Berea zein zen galdetu zion:

— Nirea berehala ezagutuko duk. Ibaian gora hoala ezkerretik hasi eta bigarrena duk. Goiko partea duela gutxi berritu diagu. Alaba gaixo zagok eta beretzat prestatu diagu eroso egoteko tokia, ganbara logela bihurtuz –erantzun zion gizonak.

Orduan, orduan bai geratu zela Josu zuri. Julian ez zen ohartu ere egin Josuren kolore zurbilaz, baina urduri sumatu zuen. Mutilari galdera asko zetozkion burura, baina galdetu beharrean, hurrengo asterako zitatu zuen gizona. Denbora behar zuen pentsatzeko.

Itziarrek jada argi eta garbi zeukan zein izango zuen afizio berria. Berekiko pentsatu zuen nolatan ez zitzaion lehenagotik bururatu.

Itziarrek eta aitak, eguerdian, bazkalorduan ikusi zuten elkar. Alabak bere goiza kontatu zion eta aitak adi-adi entzun. Ondoren, aitari galdetu zion ea zer esan zion fisioak eta honek erantzun zion berriro bueltatzeko eskatu ziola, sorbaldan lesioa zuela eta esfortzurik ez egiteko aholkatuz, gutxienez, aste batean.

— Itziar, ba al dakin Josu fisioterapeuta piraguista ere badunala? Goizero entrenatzen omen din ibaian, eta esan zionat konponketaren bat behar badin niregana gerturatzeko –aipatu zion aitak–.Gaur bizikletako gurpila zulatu zaion.
— Baina, aita, orain ez zaizu batere komeni horrelako lantxoak egitea! –erantzun zion alabak–. Hobe duzu zaindu eta geroago izango duzu zure saltsan jarduteko aukera. Eta nor da bada Josu hori? Nik ezagutu beharko nuke, ezta? Egia esan, goizero, ahal dudan guztietan, egoten naiz begira ibaira eta beti ikusten dut pertsona bera arraunean. Ikaragarrizko inbidia ematen dit, baina oraingoz ez zait komeni kirolik egitea eta pentsatu dut nire logelatik argazkiak ateratzea eta baita etxe ingurutik ere.

Julian pozik zegoen alabarekin izandako elkarrizketarekin. Itziar beti izan zen neska bizia, eta ilusiorik ez zuela galdu nabari zitzaion. Alabaren ilusioari eutsiz, argazki kamera eta tripode bat oparituko zizkiola promestu zion aitak alabari.

Horrela bada, astea pasa zen eta dagoeneko Itziar bere aitaren opariarekin liluratuta zegoen. Gainera, neguko hilik otsoena ere jada pasatu zen eta ekaitzaren osteko barealdia zetorrela zirudien.

Julian, Josuk esan bezala, astebetera kontsultara bueltatu zen. Agindutako ariketak egin zituela aipatu zion pazienteak eta berriro ere, Josuk beste ordubeteko saioari ekin zion. Julian berak ere igarri zuen hobekuntza, jada askoz min gutxiago sentitzen zuela eta, gustura aritu ziren berriketan. Orduan, Josu zerbait galdetzera ausartu zen:

— Lehengo astean aipatu zenidan alaba gaixo duzula. Zerbait larria al dauka ba?
— Bai Josu, bularreko minbizia diagnostikatu ziotek eta orain zaintzen ari duk. Medikuek aholkatu zigutek garrantzitsua dukela gaixoa eroso eta goxo sentitzea. Gu, zorionez, etxe eta leku ederrean bizi gaituk eta haren kapritxora egokitu diagu ganbara –erantzun zion neskaren aitak.

Josu orduan ohartu zen zergatik ikusten zuen beti silueta hura teilatupe hartan.

Gau hura zakarra izan zen benetan.

Gaualdi beltz haren biharamunean Josuk ezbehar bat izan zuen ibaian behera zihoala. Eguraldi zakarreran ondorioz, zuhaitz-enbor zatiz beteta zegoen ibaia, eta nahiko arriskutsua zirudien han sartzea. Itxura zenez, haize indartsua ibili zen gau hartan eta egur zati haiek ibaira erori ziren zuhaitzetatik. Honek, ordea, ez zuen espero hainbestekoa izan zenik ekaitzaldia eta egunero bezala uretara sartu zen. Korronteak egur-enborrak biltzen zituen bitartean, piraguistak bazekien nola egin aurrera.

Bueltakoan, ordea, Josuk zuhaitz-enbor handi hura ikusi ez eta bat-batean kolpe gogor bat sentitu zuen. Entzun ez ezik, piragua hondoratzen hasi zitzaiola jabetuta, uretara salto egin zuen. Alfer-alferrik zuen piragua salbatzea.

Ordurako Itziarrek logelatik dena ikusi zuen eta baita argazkiak atera ere. Ziztu bizian jaitsi zituen ganbaratik sukalderako eskailerak oihu eta garrasi artean. Itziar sukaldean geratu zen bitartean, Julian eta bere emaztea Josu laguntzera hurbildu ziren. Mutila ondo zegoen, hau da, osorik baina artean sustoa pasatzeko. Biek etxera sartzeko gonbita egin zioten, baina aurrez, ahal zuten heinean, piraguaren zatiak uretatik atera zituzten. Josu gertatu zitekeenaz ohartu zenean lur jota geratu zen. Damu zen egin zuenaz eta lotsatuta eta burumakur sartu zen sukaldean. Sartu orduko siluetari aurpegia ikusi zion kamera atzean.

Klik!