Iosu Mugikak etxebizitzak egitea ezinbestekoa dela adierazi du

 

Larunbatean, 12:00etan hasita, EAJ-PNVk Bista Onan egindako ekitaldi politikoan foru eta udal hauteskundeetarako botoa eskatu dute, hurrenez hurren, Eider Mendozak eta Iosu Mugikak. Biek ala biek euren proiektuaren puntu nagusiak azaldu eta datorren legegintzaldiari begirako asmoen berri eman dute. Haiekin batera atera dira plazara alderdiaren izenean hauteskundeetara aurkeztuko diren zerrendakideak.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak hartu du lehenik hitza. Bere esanetan, alderdi desberdinekin gutxieneko aurrez aurreko bat izatea “oso zaila” izaten ari da. EH Bilduri dagokionez, adierazi du ez duela “inondik inora iraganaz hitz egin nahi, etorkizunaren inguruan hitz egin nahi du”. Podemosen inguruan, berriz, dio “Espainian modan dagoen eredua” gure lurraldera ekarri nahi duela; “alegia, zarata eta liskarra”.

Mezu katastrofikoak nagusitzen ari diren garaiotan, eurek ez dutela horrelakoen alde egiten azpimarratu du Mendozak, “hau ez da Espainia eta Euskadin ez gaude Espainian bezala”. Horren adierazle modura alderatu ditu Espainiako eta Gipuzkoako zor publikoa: “Espainian BPGaren %113an dago zor publikoa, 1,53 bilioi eurotan, 30.000 euro biztanleko. Guk ez dugu, inondik inora, horrelako etokizunik nahi gure herritarrentzat. EAJ-PNVk erabaki eraginkorrak hartzen ditu eta azken zortzi urteetan, zorra %141ean jaitsi dugu; Gipuzkoan, biztanleko, 629 eurotan dago zorra”.

Getariara etorriz, herriko EAJ-PNVko taldeak, oposizioan, “jarrera eraikitzailea” izan duela eta “herritarrengandik gertu” egon dela nabarmendu du Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiak. EAJ-PNVren lana goraipatzearekin batera, EH Bildurena gaitzetsi du: “Iragana ahaztu nahian dabiltza baina, aldi berean, Photoshop mordoa jartzen diete euren argazkiei, uso zuri bezala agertu nahian eta gainontzekoei Mordorren filtroa aplikatzen diete”.

Getariarrekin batera osatutako herri programa

25 lagunekin lantalde “aberasgarria” osatu dutela azaldu du Iosu Mugika Getariako EAJ-PNVren alkateagaiak. Getariarraren hitzetan, herriko 127 eragile eta pertsonekin izandako bileretatik abiatuta egindako programa aurkeztu dute; orotara, 39 proiektu jasotzen dituela argitu du.

Aurkeztutako programaren oinarrietako bat “getariarrak Getarian bizitzea” dela azpimarratu du. Horretarako etxebizitzak egitea ezinbestekoa dela esan eta horretan, Zarautz erreferentziatzat izango dutela azaldu du Mugikak: “Zarautzen egiten ari diren etxeak, egiten ari diren dena, dugu adibide. Gauzak ondo badoaz, beraiei argibideak ere eskatuko dizkiegu”. Bestetik, nahiz eta udalaren eskumenekoa ez izan, Meagara doan bidea berritzeko ahaleginak egingo dituztela azaldu du, “ez da bidea egitea bakarrik, bertako auzotarrak ahalik eta egokien komunikatuta egotea ere bada”. 

Getariak euskararen arnasgune izaten jarraitu dezan, “lanketa berezi bat egin nahi” dutela dio EAJ-PNVko alkategaiak. Gainera, eskolako fatxada berritzeaz gain, jangelako “akustika arazoak” konponduko dituztela dio. Kirolari dagokionez, eraikuntza desberdinak eraberritzeko asmoa azaldu du getariarrak, besteak beste, surf eta arraun elkarteenak. Horrez gain, “kiroldegiaren funtzionamendua eta bertako azpiegiturak hobetzea” izango dute xede. Irisgarritasuna hobetze aldera, Bista Ona eta portua “komunikatzeko” asmoaren berri ere eman du.

Lantalde gaztea eta serioa dutela azpimarratu du Mugikak: “Lantalde honek dauzka ilusioa nahiz proiektuak eta argi dauka zein den etorkizunean nahi duen Getaria”.