Maletak

Aloña Zabaleta Azkue

 

Begiak zabaldu nituenean blai eginda nengoen. Gozoki begiratzen ninduten lau begi nituen inguruan eta ahoa irekitzen hasi nintzenerako irribarre zabal bat margotu zen haien aurpegietan.

Hura izan zen nire bidaiaren lehen parada.

Ordutik nahiko euri, elur, egun eguzkitsu zein haizetsu pasa dira. Mila txoko eta bazter ezagutu ditut, baita hainbeste gozatu ez ditudan beste zenbait ere. Bidaia guztian zehar nire maleta dut lagun:

Nire maleta=nire altxorra.

Maletan jasotzen ditut bizitzaren joan etorrian ezagututako familia, lagunak, ezagunak eta abar.  Batzuk maletaren erdi erdian jasotzen ditut; badakit behar ditudanean hor egongo direla, beste batzuk aldiz, denboraren poderioz, maleta barruan desagertzen dira.

Azken egun hauetan jende askok eman dio amaiera beraien bizitzako bidaiari. Hala ere, gure maletetan ditugu eta gu garen artean gure bidaiaren parte izango dira.

Batzuk joan, besteak etorri… bizitzaren paradoxa. 

Maletak hartu eta denok bidaiatzera.