NIondoa

Maria Larrazabal

 

Garaiak garai, nola iritsi zirenik jakin gabe NIondoak egin ziren paisaiaren jabe.  

Lepo egindako lotsagabe oilategi zaratatsuak:

— Ni naiz lehen!
— Nirea da!
— 
Nik nahi dut!
— 
Ni naiz onena!
— Ni egon behar naiz goren!

Egunak igaro eta igaro, atzean geratu ziren ingurukoak enpatiaz laztantzen genituen garaiak. Nola jasaten zuen NIondoen adaburuak hainbeste erregina eta errege?

Ustekabean etorri zen astindu zituen eguna, nola bestela begiek selfieak moduan funtzionatzen zizkieten eta.

— Zer demontre da hau?
— Niri bost axola!
— 
Nirekin ezingo du! 

Ekialdeko haizeak, hasieran batean, igurtzi txikien moduan, barrea eragin zioten NIondoei. Bolo-bolo zebiltzan batetik bestera memeak. Harrotasunak babesturik, sormena borbor zebilen.

Baina haizeak bortitz jo zituen NIondoak, inoiz espero izan ez zuten bezala, ustekabeko 19 ufadekin NIondoak herioaren mugan sartu ziren.

Berekoien erreinu hartan ez ziren jabetzen beraien eguneroko burrunba eta ekintzekin nola astintzen zuten maileguz zuten lurra. 

Lurrak bidalitakoak kexak ote ziren ba?

Haizeak ez zituen bereizi, nortzuk zeuden gorago eta nortzuk adar ederrenetan, guztiak jo zituen indar berdinarekin.

Paisaia aldatu zen guztiz, NIondoak biluztuz joan ziren, ideia berekoi, selfie-begiradak atzean geratu ziren.

NIondoetan tinko eutsi zutenek adarrak atondu, txaloak jo, abestiak abestu eta elkartasun giroa adierazten hasi ziren. Pixkanaka NIondoak eraldatzen hasi ziren. Bakarraren kontzientzia alboratu zuten, GUondo, ZUondo, HURAondo, HAIEKondo loratu eta indarrez errotu ziren gure paisaian. Sustraietatik gorantz energia berriztatzaileak jaten eman zien. Aukera ederra zen hura, inoiz amestu ez zutena.

Baina idilikoegia ez al zen egora hura? Benetan ikasi zuten NIondoek? Barneratzeko denborarik izan zuten nondik eta norako ibilbidea hartu nahi zuten? Edo, NIondoen belarriek haize ufaden soinu bortitza ahanzten zutenean, NIondo berekoietara so eginaz, galdetuko diote beren buruari, ez al nengoen NI hobeto lehen?