Munstroek ere pixa egiten dute ohean. Horixe kontatu digu emanaldiaren inguruan. 2015eko Etxepare Saria eskuratu zuen Jokin Mitxelena ilustratzailearekin batera plazaratutako albumarekin. Istorio honek keinu bat egiten dio Maurice Sendak-ek 1963an argitaratu zuen Piztiak bizi diren lekuan-i, baina honetan, Valentina neskato ausartak, laguntza eskainiko die munstro beldurtiei.

Pello Añorga oiartzuarrak, herriko ikastolan irakasle lanetan aritu ostean, 1986an hasi zuen bere ibilbidea ipuin kontalari gisa. Biblioteketako “Ipuin orduen” aitzindari da.

Pello Añorga

Kontalaritzan ez ezik, haurren liburuen animazioarekin lotutako hainbat proiekturen sortzaile eta partaide ere izan da Añorga, hala nola, Eskoriatzako Irakasle Eskolako Haur Liburu mintegiaren sorkuntzan, lehen haur liburu aretoen diseinuan, Galtzagorri Elkartearen sorkuntzan edo itsuentzako ipuin grabaketen koordinazioan; baina, batez ere, ipuin kontaketari buruzko ikastaroak ematen.

Haur eta gazte literaturako idazle gisa ere ibilbide luze bezain oparoa du. Hainbat sari lortu ditu, besteak beste: 2008ko Etxepare Saria Gerlari Handia-rekin, 2008ko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria Jenio gaiztoa-rekin, 2009ko JUUL Saria Pottokoren Usainak-ekin, edota 2015eko Etxepare Saria gozagarri izango dugun Munstroek ere pixa egiten dute ohean-ekin.

4 urtetik gorakoentzako emanaldia maiatzaren 10ean, ostegunean, 18:00etan izango da Getariako Udal Liburutegian.