Berdura plazako aulki asko eta asko beteta 19:00etarako. Lehen bizpahiru ilaretan urteetan portuan ikusi izan ditugun eta ikusten ditugun emakumeak, sareak moilan utzita, elkarrekin berriketan, jasotzera ziohazen aitortzarako prest. Gainerako eserlekuetan, sare konpontzaileen lanbidea gertutik bizi izan duten senideak zein beraien babesa erakutsi nahi zieten herritarrak.

Ekitaldiaren hasieran Getariako saregileak. Bizimodu baten kontaketa euren ahotsetatik. Azken katebegiak Gizarte Antropologia masterraren amaierako lanaren hainbat zertzelada aurkeztu zituen Gurutze Izagirre Intxauspek. Saregileekin izandako elkarrizketen bidez, “herriaren garapen ekonomikoan izandako garrantzia, beren eskubideak aldarrikatzeko egindako urratsak eta horiek emakumeen ahalduntze prozesuetan izandako eragina” izan zituen aztergai.

Bi belaunaldi

“Baxurako arrantzarako sareak tresnatu, prestatu eta horren mantenu jarraiaz arduratzen den langilea”, hori da Izagirreren definizioz, saregilea. Egindako ikerketaren arabera, bi belaunaldi bereiztu zituen: 1930eko hamarkadan jaiotakoak eta 1950-60tik aurrerakoak. Beraien artean jausi bat nabaritu arren, denak emakumeak dira eta baporearekin loturaren bat omen dute, gehienetan familiarra. Horrek eragin izan du, hain zuzen ere, hainbat lan baldintza onartzea, ordutegi nahiz jai egunei lotutakoak, adibidez.

“Lanerako osagaiak oso oinarrizkoak dira: lurretik 10 zentimetrotara altxatzen den aulki bat, oinetan jartzeko kortxoa, hariak eta orratzak”, azaldu zuen Izagirrek. Lan egiteko moduak, altuerak edo eguraldiak, esaterako, hainbat patologia garatzea dakar. Horretarako Deiene Aranzamendi medikuak Gipuzkoa eta Bizkaiko 48 saregileri egindako inkesta baten emaitzak izan zituen hizketagai: “%95ak lanbideari lotutako patologiaren bat du, eta lautik hiruk egunero dute ofizioari lotutako minen bat (lunbalgia, hernia, zerbikaletako oinazea…)”.

Antolakuntza

Sare konpontzaileek herrigunean bizita, moilan dute lan eremua, izan ere, lonjetan materiala hartuta, hara bertaratzen dira. Azken urteetan zenbait aldaketa izan dira eta sareak gordetzeko egokitutako lekua dute; kafe-makina, komuna eta armairua dituzte bertan.

Gaur egun Whatsappez antolatzen dira: “Kanpaina hasten denetik ekainera arte, astero pertsona bat arduratzen da zaintzaz. Batek jasotzen du abisua eta besteei helarazten die”. Beharren arabera, moilara joateko ordua zehazten du; bitartean, etxeko lanak egiten dituzte. Bazkaltzera etxera itzuli eta arratsaldez, 19:00ak arte –21:00ak arte beranduenez– aritzen dira. “Lehen ez zegoen ordutegi mugarik, ez jai egunik”.

Lortutako hobekuntzak

Beraien jardunean bi mugarri izan dira azken urteetan: bata, Prestige ontziaren petrolio isurketa, eta bestea, 2005etik 2010erako antxoaren debekualdia. Bi egoera horietan kalte-ordainak jaso zituzten arrantzaleek; ez, ordea, sare konpontzaileek. Orduan hasi ziren elkartu eta ahalduntzen.

Erakunde eta administrazioan zenbait gauza mugiarazi eta honako eskariak egin zizkioten Eusko Jaurlaritzari: beraiena lan gisa aitortzea, lana dibertsifikatzea, azpiegituretan inbertitzea eta formazioa sustatzea. Emaitza bakoirra izan zen. Ez, aldiz, Espainiako Estatuarengandik jasotakoa. Hari honakoak eskatu zizkioten: Itsasoko Erregimenari dagokion erretiro adina beraiei ere onartzea eta geldialdiak dituztenean sari bat izateko neurriak hartzea. Hobekuntza horiek ez dira heldu, ordea, eta saregileetako batek esan bezala, “baldintzak hobetzen ez badira, ez da ondorengorik izango”.

Herriaren aitortza

Beraien lan jarduna ezagutzeko hitzaldiaren ondoren, Nika Lertxundi alkateak ere egin zien aitortza, azpimarratuz, “sare konpontzaile izateaz gain, bizitza konpontzaile” direla, “moilan, etxeko gobernantzan, aiton-amonen zein familien zaintzan duten lekuagatik”. Amaitzeko, “Getariako historia” direla nabarmendu zien.

Mokaduaren aurretik, oroigarri bana eman zieten udal ordezkariek. Ondoren heldu zen ekitaldiko unerik hunkigarrienetako bat, izan ere, sare konpontzaileen seme-alabak zein bilobak Berdura plazan sartu eta aurreskua dantzatu zieten. Begiak malko adina emozioz bete zitzaizkien.

 

Lotutako albisteak: