Arratsaldean jokatu dira Sahatsaga kiroldegian Emakume Master Cup binakako txapelketako pilota mistoko final laurdenak. Aurrez, frontoira bertaratutako jendea berotzeko, lagunarteko partida izan da, pilota goxoarekin.

Final laurdenak Laia Salsamendi/Ane Mendiburu (gorriz) eta Arrate Bergara/Amaia Aldai  (urdinez) bikoteek jokatutako partidarekin hasi dira. Lagunarteko norgehiagokan baino tanto landu eta luzeagoak jokatu dituzte. Urdinak aurreratu dira, eta 1-7 jarri dira. Gorrien ezina, eta amorrua nabaritu dira, besteak beste, aurrelariak, tantoa galduta, pilota frontisera jaurti duenean. Tantoak boladaka joan dira: gorriak, 4-12 galtzen ari zirela, lau egin dituzte erreskadan, markagailua 8-12 utziz; berriro jokoa lasaituta, urdinak 17. tantora heldu dira. Irabazteko aukerak bertan izanda, partidak 18 tanto lortuta amaitzen direla erakutsi dute pilotariek, izan ere, Bergara eta Aldairen huts egite eta lehia polita tarteko, bizi-bizi jarri da partida 17ko berdinketarekin. Ordubetetik gora jokatu ondoren, azken tantoan, urdinek txapara bota dute pilota eta Salsamendi/Mendiburu bikotea gailendu da 18-17koarekin.

Bigarren partida Miren Larrarte/Olatz Ruiz de Larramendi (gorriz) eta Maddi Unanue/Naroa Agirre (urdinez) bikoteen artekoa izan da. Aurrekoa baino laburragoa, behetik jokatutako pilota dezente izan ditu. Gorriak norgehiagoka osoan joan dira aurretik eta 18-4ko emaitzarekin irabazi dute.

Azken norgehiagoka, Leire Garai/Nora Mendizabalen (gorriz) eta Ibone Salinas/Andrea Capellanen (urdinez) artekoa, nahiko berdindua izan da. Urdinak 2-4 aurretik zirela, atsedena hartu dute eta orduan heldu da lehen berdinketa, launakoa. Gorriak jarri dira aurretik baina parekatuta izan dira tarte handi batean, 8nako, 12nako eta 13nako berdinketekin. Geroko tantoak Garai eta Mendizabalenak izan dira, eta aurretik bukatu dute 18-13ko emaitzarekin.

Herritarren babesa izan dute pilotariek, izan ere, asko izan dira frontoira gerturatu diren getariarrak, tartean baten edo bestearen alde egin duten haur ugari.

Berdintasunerako urratsa

Txapelketaren amaieran, balorazio ona egin dute Gure Txeruko Xabier Etxanizek, zein Getariako Udaleko kirol eta berdintasun zinegotziek. Etxanizek adierazi duenez, “sorpresa” hartu dute, Getarian emakumezkoen halako txapelketa bat egiten den lehen aldia izanda, “erantzunaren beldur” zirelako. Jendeari eskerrak eman nahi izan dizkio. Horrekin batera, azaldu du azken bi egunetan eskolan izan direla, umeak, batez ere neskak, gaurko partidara eta pilotan jokatzera animatzeko. “Badakit batzuk apuntatzekotan direla, neskak ere bai, beraz, ea bultzada hori ematen diegun”.

Bide beretik joan dira Ekaitz Esteban Kirol zinegotziaren hitzak: “Eskolan egindako saiakera horrekin, pilotan ibiltzen ez diren 100 umetik gora etorri ziren jolastera. Horrekin, neskak gerturatu nahi genituen, ze Gure Txerun denak mutilak dira”. Ane Loidi Berdintasun zinegotziak ere uste du halakoek eragin positiboa dutela: “Lehen ez genituen nesken partidak ikusten; orain, bai. Atzetik datozen gazteentzat eta umeentzat aukera bat da, ikusteak jokatzera deitzen duelako”.