Maria Lazkano, 27 urteko getariarra. “Betidanik atzerrian bizitzeko irrika” eta duela bi urte joan zen Asiara. “Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra bukatu nuen eta bururatu zitzaidan curriculumak bidaltzea ingeleseko irakasle bezala lan egiteko Asian. Hong Kongen onartu ninduten, eta etorri egin nintzen”. Ingelesa ematen hasi zen institutu batean, baina biologiako irakaslea da iazko irailetik, Biologia ikasketak ere eginak baititu. 

Gustura dago, berea eskola txikia izanik, “ez daude ikasle asko gela bakoitzean eta nahiko aukera ematen du gauza ezberdinak egiteko”. Euskal Herrian baino tradizionalagoak direla iruditzen zaio: “Eskola denetan ikasleek uniformea janzten dute, eskolako kanta astean behin abesten dute… Esango nuke garai bateko Ingalaterrako kutsu historikoa geratu dela hemengo nazioarteko eskola batzuetan”. Izan ere, gaur egun Txinako Herri Errepublikako administrazio eskualde berezia den Hong Kong Erresuma Batuaren kolonia izan zen.

Arlo ezberdinetan sumatzen ditu bi lurraldeen arteko antzekotasunak: guraso-irakasle harremanetan, aisialdirako ohituretan (mendia, jatetxeak…), familiari ematen zaion garrantzian, lan ordutegian, etab. Dena den, lanari lotuta, zentzu batzuetan han “nahiko atzeratuta” daudela dio: “Ez dago mediku asegurua lan guztietan, soldata baxuena Euskal Herrikoa baino askoz baxuagoa da… Orokorrean, lan baldintzak, ez dira horren onak, beti ere lanaren arabera bereiztuz”. 

Irakaskuntzari eskolaz kanpoko orduak eskaintzen badizkio ere, yoga egiteko tartea hartzen du egunero, eta asteburuetan, lagunekin, jatetxeetara, mendira edo zinemara joaten da. “Ez da hangoaren oso bizitza ezberdina”. Hori bai, zerbait jatera joandakoan, jan eta joan: “Jende asko dagoenez, bazkalondoaren kontzeptua ez da existitzen. Leku batzuetan 60 minutuko muga ematen dizute jateko”.

Maria, familiarekin.

Jatorria

Hangoekiko aurpegiera ezberdina izanik, galdetzen diote jatorriaz: “Orokorrean, pentsatzen dute ingelesa naizela, hemengo kanpotar asko hala direlako”. Erantzuten omen die Espainiako iparraldeko parte batekoa dela, “saiatzen naiz azaltzen Euskal Herria zer den, gure hizkuntza daukagula, ohitura ezberdinak… Normalean, ez dute behin ere entzun eta nahiko harrituta geratzen dira”.  

Bertako hizkuntza —kantonera— ikasteko ahalegina egin zuen iritsi berritan: “Sei hilabetetan ikastaro batera joan nintzen. Garrantzitsua iruditzen zait hitz batzuk-edo ikastea baina oso zaila egiten zait. Zazpi tonu dituzte eta soinu bakoitzak tonu ezberdin batean, esanahi desberdina dauka. Oinarrizko agurrak bakarrik kontrolatzen ditut”. 

Ospakizunak ere ezagutu ahal izan ditu Lazkanok, garrantzitsuena Urte Berri txinatarra. “Hiruzpalau egun dira tradizionalenak eta familiarekin elkartzen dira. Ohitura bitxi bat dute: gutunazal gorri batzuetan, ezkonduta dagoen jendeak hala ez dagoenari dirua ematen dio. Bakoitzari aberastasuna ekartzeko dela esaten da”.

Txinako janariak probatzeko aukera eskaini zion ospakizun horietako batek. Eta, han dagoela familia, lagunak, etxeko berotasuna eta amaren tortila faltan botatzen dituen moduan, Txinako janari asko ekarriko luke Euskal Herrira. “Badago baina ez zait iruditzen hemengo berezkoa denik. Tradizionala da dim sum, pintxo moduko bat. Banbuzko lapiko batzuetan jarri eta baporean egiten dituzte”.

Koronabirusa

Ezinbestean, Txinako bizilagunari galdetu egin behar mundu osora zabaldu den koronabirus gaitzaz. “Hemen, urtarrilaren bukaeran hasi ziren esaten kasuak igotzen ari zirela. Eskolak itxi egin zituzten —hala egongo dira apirilaren 20ra arte—. Guk online ematen ditugu klaseak, baina eskolak bertara joanarazten gaitu. Aurreneko egunetan horko egoera bera: supermerkatuetan jana eta komuneko papera falta… Oraindik ere denok maskararekin ibiltzen gara kalean. Orain, badirudi egonkortzen ari dela eta lasaiago dagoela, jendea ikusten da berriro kalean”, azaldu du.