Astelehenean, apirilak 20, Etxealditik Euskaraldira ekimena jarriko dute martxan, bi helbururekin: batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea, eta bestetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz. Horrela, “bizi dugun egoera kontuan izanda, etxean eta etxetik euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko” gonbidapen gisa zabaldu dute egitasmoa.

https://www.facebook.com/euskaraldia/videos/233859321005990/

 

Aurten, azarotik abendura, egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta hori prestatzeko baliagarri izatea du asmo Etxealditik Euskaraldirak. Rita Aldabaldetreku Euskaraldiko koordinatzaileak dio udazkeneko ariketaren oinarriekin bat egiten duela ekimenak: “Bizi dugun egoera ezohiko honetan, oraindik ere, zerbait baldin badaukagu, elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira. Orain ditugun ia harreman gehienak hurbilenekoekin ditugula jakinda, erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela iruditzen zaigu. Izan ere, etxeko konfiantza giroan aldaketak egin edo ditugun ohiturak finkatzen baditugu, errazagoa izango da gerora etxetik kanpo ditugun ohiturak aldatzen joatea”.

Proposamenak goizero

Hiru zatitan banatuko da ekimena: aurkezpena, norberak bere inguruan dituen hizkuntza-portaera eta ohituren gaineko hausnarketa, eta horiek aldatu edo finkatzeko gauzagarriak diren ideien proposamena.

Etxealditik Euskaraldirak irauten duen bitartean, goizero, bideo labur eta mezuen bitartez emango dira ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak. Getariarrok, Euskaraldiak ARTZAPEren webgunean duen komunitateko kontuan izango duzue horiek ikusteko aukera, baita Euskaraldiaren euskarri ofizialetan ere. Astelehenean bertan argitaratuko da lehen mezua, egitasmoa aurkeztu eta argibideak eskainiko dituena.

Apirilaren 21etik 23ra, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena argitaratuko da. Aldabaldetrekuk dioenez, “norekin eta nola hitz egiten dugun eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikasteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuko diegu herritarrei”.

Azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen argitaratuko dira. “Egunero bat sareratuko dugu baina herritarren aukera izango da denak egitea edo batzuk aukeratzea. Bakoitzak bere nahi eta erritmoetara egokitzea da asmoa, ez dugu inor estutu nahi, aukerak eman besterik ez”. Euskal Herriko Euskaraldiko batzordeetako ordezkariek eta kultur arloko hainbat pertsonek egingo dituzte proposamen horiek.

Etxealditik Euskaraldira ekitaldi bateratu batekin amaituko da, maiatzaren 3an, baina horren inguruko azalpenak apirilaren 30eko proposamenean emango dituztela iragarri dute. Dena den, aurreratu dute helburua “komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna” ematea izango dela.