Badira hainbat aste Euskaraldiko izen-ematea zabaldu zutenetik, eta Euskal Herrian 70.000 pertsonak hartu dute, oraingoz, azaroaren 20tik abenduaren 4ra euskaraz aritu edo entzuteko konpromisoa. Horietako 14.000 inguruk, gainera, ez zuten parte hartu aurreko edizioan.

Hiru talderi egin diete apuntatzeko deia, batez ere, antolatzaileek: aurreko edizioan parte hartu zutenei, ariguneetan izena emanda dauden entitateetako kideei eta lehen Euskaraldian parte hartu ez zutenei. Bigarren kolektibo horri lotuta, hain zuzen ere, Getariako Euskaraldiko Batzordeko kideek ARTZAPEri adierazi diete herrrian aurrekoan baino jende gehiagok izena emango duela aurreikusi daitekeela, 50 arigunek egin baitute bat egitasmoarekin.

Izena emateko mahaia

Hiru modu daude Euskaraldian izena emateko: www.euskaraldia.eus webgunean eta aurten sortu duten aplikazioan –pandemia egoera dela eta bide hauek erabiltzea lehenetsi dute antolatzaileek–, eta datorren astetik aurrera plaza inguruan jarriko den mahaian. Boluntarioak, azaroaren 20ra arte, astero, ostiraletan 18:00etatik 20:00etara, egongo dira herritarren datuak jaso eta txapak banatzen. Ahobizi edo Belarriprest izan nahi duten erabaki beharko dute.

Horrez gain, aurten, musukoako eta banderak atera dituzte Euskaraldikoek, batetik euskara denon etxe eta balkoietan ikusarazteko, eta bestetik, Euskaraldiaraz harago, euskarazko bestelako proiektuei sustengua eta bultzada emateko elkartasun kutxa bat sortzeko.

 

Lotutako albisteak: