Gaur eman zaio hasiera Euskaraldiari; horren harira, Getariako Euskaraldiako batzordeak herritarren argazkiekin eta bertso sorta batekin bideo bat osatu du. Bertan, getariarrek euren atxikipena eman diote ariketa sozialari.

Euskaraldiaren bigarren edizio honek 15 eguneko iraupena izango du; gaur hasi eta abenduaren 4ra bitartean egingo da hizkuntza ohiturak astintzea helburu duen ariketa soziala. Ahobizi edo Belarriprest modura izena emateko epea gaur amaitzekoa bazen ere, datorren asteartera arte luzatzea erabaki dute antolatzaileek.

Izena emateko azken egunak izanik, Getariako Euskaraldiako batzordeak mahaia jarri zuen atzo, eta bihar ere jarriko du. Goizez, 11:00etatik 13:00etara, plazan egongo dira izen-emateak egiten, txapak banatzen eta Euskaraldiako produktuak (maskarak, poltsak eta banderolak) saltzen. Bestalde, ez ahaztu, Euskaraldiaren webgunearen bitartez, “online” ere eman daitekeela izena.

Hasiera ekitaldia bertan behera

Getariako batzordekideen asmoa Euskaraldiaren hasiera ekitaldia gaur egitea zen. Egungo egoeraren aurrean jaurlaritzak hartutako neurri murriztaileen ondorioz, ordea, ekitaldia bertan behera utzi behar izan dute.

Hala ere, larunbateko ekintzak aurrera darrai. Urritzak eta Euskaraldiako batzordeak, elkarlanean, etxeko txikienentzat ekitalditxo bat antolatu dute. 10:30ean hasita, mosaiko bat osatu eta koreografia bat egingo dute herriko plazan.

Guztira 147.000 parte hartzaile

147.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian; %79ak Ahobizi modura eta %21ak Belarriprest bezala. Lurraldez lurralde, izena eman duten herritarren %9a Arabakoa da, %33a Bizkaikoa, %44a Gipuzkoakoa, %12a Nafarroakoa eta %2a Ipar Euskal Herrikoa. Aurten, gainera, Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dutela izena.

Jaurlaritzak adierazi duenez, izena eman duten lagunetatik %27ak ez zuen aurreko edizioan parte hartu. Bestalde, izena eman dutenen %63a emakumezkoa da.