Datozen egunetarako, Solasguneak izenburupean hainbat hitzaldi antolatu ditu Euskaraldiak. Solasaldiok, 19:00etan hasita, Donostiako Tabakalerako Kutxa-Plazan egingo dituzte; baina horretaz gain, eitb.eus-en eta euskaraldia.eus-en streaming bidez jarraitu ahalko dira.

Lehenengo solasaldia atzo egin zuten eta bertan, Hizkuntza hautua sare sozialen garaian izan zuten hizketagai. Bigarren solasaldia, Musikariak euskaraz kantatzeko erabakiaz mintzo, bihar, azaroak 25, egingo dute. Leire Palacios kultur eragilea eta PuntuEUS-eko proiektu arduraduna izango da moderatzailea. Solaskideak, berriz, hiru musikari izango dira: Rafa Rueda, Alex Sardui eta Maria Rivero.

Hitzaldi multzo horretako hirugarren eta azken solasaldia abenduaren 1ean egingo dute. Bertan, Arlo sozioekonomikoaren hizkuntza(k)ren inguruan arituko dira solasean Ander Aizpurua (Kutxako Zuzendari Orokorra), Naiara Goia (Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko Zuzendaria) eta Mari Jose Aranguren (Orkestra, Lehiakortasun Euskal Institutuko Zuzendaria). Moderatzaile lanetan, berriz, Maite Artola kazetaria arituko da.