Change.org plataformaren bitartez herenegun jarri zuten abian sinadura bilketa, eta dagoeneko 1.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte. Egitasmoaren helburua da, gaur egungo munduko internet bidezko telebista hornitzaile handienetakoari, “euskal hiztunok plataformako ikus-entzunezko eduki denak euskaraz jaso nahi ditugula” adieraztea.

2014. urtean iritsi zen Netflix Ipar Euskal Herrira, eta urtebete beranduago Hego Euskal Herrira. Lurralde horietara, gaztelerazko, ingelesezko eta frantsezko serieen eta filmen katalogo zabalarekin iritsi zen, ez ordea euskarazkoarekin. Horregatik, “plataforma honen kontsumitzaile potentzial diren 800.000 euskal hiztunak kontuan hartzea”, eta beraz, Netflix euskaraz eskaintzea eskatzen dute.

Ez da horrelako eskaera egiten den lehen aldia. 2015ean Netflix Hego Euskal Herrira heldu zen momentuan, Eusko Jaurlaritzari Netflixekin elkarlanean aritzeko eskatu zitzaion.

Beste hizkuntza gutxitu batzuetako norbanakoek, kolektiboek edota eragileek ere eskatu izan dute Netfix euren hizkuntzan eskaintzea. Eskaera horien aurrean, benetan eskaria balego edukiak hizkuntza gutxitu horretan eskainiko lituzketela erantzun izan du enpresak. Esteka honen bitartez, edonork sinatu dezake eskaera.

Argazkia: Netflix.com