Larunbatean, otsailak 27, jokatuko da XXI. Hondarribiako Traineru Jaitsiera; traineruen artean jokatuko den lehen estropada izango da honakoa. Izan ere, koronabirusa tarteko, egitekoak ziren hainbat proba, Orioko jaitsiera besteak beste, bertan behera edo atzeratu egin behar izan dituzte. Larunbateko hitzordua, beraz, garrantzitsua izango da arraunlarientzat, euren buruak ez ezik aurkariak neurtzeko aukera izango baitute.

COVID-19aren aurrean hartu beharreko neurriak direla eta, Hondarribiako proban Euskal Herriko ontziek bakarrik hartu ahal izango dute parte. Era berean, etxekoen salbuespenarekin, elkarte bakoitzak ontzi bakarra aurkeztu ahal izango du maila bakoitzean (emakumezkoak eta gizonezkoak), eta ikusleentzat itxita egongo da dikea.

16:00etan hasita, bi luzeko ibilbidea egingo dute hondartza aurreko estropada eremuan. Irteten lehena Hondarribiako traineru mistoa izango da, eta ondoren emakumeen traineruak aterako dira: Zarautz, San Juan, Deusto, Ondarroa, Zumaia, Hibaika, Tolosaldea, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio eta Hondarribia. Emakumezkoen atzetik gizonezkoen txanda izango da: Getaria, Hondarribia C, Trintxerpe, Hibaika, Mutriku, Hondarribia B, Lapurdi, Zumaia, San Juan, Arkote, Deusto, San Pedro, Zarautz, Ondarroa, Isuntza, Donostiarra, Orio, Bermeo eta Hondarribia A.

Luze bakoitza ohikoa baino luzeagoa izango da. Emakumeen ibilbidea motzagoa izango da, baina hori ere txapelketa ofizialetan egin ohi dutena baino luzeagoa. Estropada internet bidez ikusi ahal izango da, honako estekan.

Argazkia: Luis Azpeitia