Joan den larunbatean, otsailak 27, Euskal Herriko hainbat arraun taldek Hondarribiko XXI. Traineru Jaitsieran parte hartu zuten, tartean Getariako gizonezkoen traineruak. 16:00etan hasita, Hondarribiko traineru mistoa izan zen irteten lehena. Ondoren, emakumezkoen txanda izan zen. 11 ontzik parte hartu zuten proban, eta Oriok lortu zuen denborarik onena (15:35,15). Bigarren eta hirugarren sailkatuak, Donostiarra eta Arraun Lagunak izan ziren; 15:43,46 eta 15:52,08ko denborarekin, hurrenez hurren.

Emakumezkoen atzetik, gizonezkoak lehiatu ziren; zehazki, 18 traineru. Kronometroa 20:25,42an geldituz, Hondarribia “A” izan zen garaile. Ama Guadalupekoarengandik 13,93 segundotara, Donostiarra izan zen bigarren sailkatua. Hirugarrena, berriz, Orio; horri, 18,16 segundoko aldea atera zion talde irabazleak.

Ezin aipatu gabe utzi Esperantzak lortutakoa. Izan ere, 20:52,44ko denborarekin, laugarren postua lortu zuen. KAE1 ligan aritzen diren traineruetatik eurak izan ziren helmugara iristeko denbora gutxien behar izan zutenak. Hori gutxi ez eta, arrauneko maila goreneko, Eusko Label Ligako, pare bat traineru gainditu zituzten; hain justu, Urdaibai eta Zarautz.

Lehenengo luzea ona egin zuten, baina bigarrena ikaragarria izan zen. 10:33,00 behar izan zituzten lehena egiteko. Bigarrena, berriz, olatuak alde zituztela aprobetxatuz, 10:19,44an egin zuten. Alegia, joaten baino 13,56 segundo gutxiago behar izan zituzten itzultzeko, eta azkenean, emaitza bikaina lortu zuten. Ondorengo argazkian dago ikusgai sailkapen osoa:

Argazkia: Luis Azpeitia

 

Lotutako albisteak: