Atzo lau COVID kutsatu atzeman zituen Osakidetzak Getarian. Hala, azken hamalau egunetako intzidentzia metatuak gora egin du eta, momentuz, 600,71n ezarri da.

Euskal Autonomia Erkidegoan, orotara, 9.247 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 731k emaitza positiboa eman zuten. Positiboen ehunekoak ia puntu bat egin du behera, %8,7tik %7,9ra. Bestalde, erietxeetako gela arruntetan 369 gaixo daude, herenegun baino bost pertsona gehiago. ZIUetan dagoen gaixo kopurua, ordea, murriztu egin da– herenegun 105 lagun ziren, eta atzo 100–.

Alarma-egoera ez luzatzeko aukera

Atzo egindako agerraldian, maiatzaren 9an alarma-egoera ez luzatzea mahai gainean jarri zuen Espainiako Gobernuko presidenteak. Hori hala izan dadin, txertaketa masiboari dagozkien aurreikuspenak betetzea ezinbestekotzat jo zuen Pedro Sanchezek. Hala, aurreikuspen horiek betez gero, abuzturako espainiar estatuko biztanleriaren %70a txertatuta izatea espero du presidenteak.

Alarma-egoera ez balitz gehiago luzatuko, besteak beste, mugikortasuna librea izango litzateke eta etxeratze agindua indargabetuko litzateke. Era berean, autonomia erkidegoen arteko mugikortasunak ez luke mugarik izango, nahiz eta erkidego bakoitzak eskumena izango lukeen bere baitako eskualde eta udalerrien arteko mugikortasuna arautzeko.

Iñigo Urkullu lehendakaria desados agertu da Sanchezen adierazpenen aurrean. Lehendakariaren arabera, autonomia erkidegoetako ordezkariekin adostu gabeko erabakia izan da. Bestalde, ordurako intzidentzia tasa behar adina jaitsiko ote den zalantzan jarri du, baita txertaketa hain aurreratua egongo ote den ere.