Atzo aurkeztu zuen Elkano 500 Fundazioak 2021. urterako egitaraua Donostiako San Telmo museoan. Bertan izan ziren Haritz Alberdi Fundazioko presidentea eta Getariako alkatea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Fundazioko kidea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Fundazioko kidea eta Ion Irurzun Fundazioko zuzendaria. Horiekin batera, Lourdes Salsamendik, Urola Kostako Udal Elkarteko presidenteak, eta Harkaitz Millanek, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak, hartu zuten parte, hauek  Fundazioko patronokide gisa.

2021eko egitarauaren bitartez, Euskadiko herriek itsasoari lotuta duten ondare komuna aldarrikatzea da Fundazioaren asmoa. Hala, harremanak estutu nahi ditu munduko lehenengo birarekin zerikusia izan zuten zenbait herrialderekin eta, era berean, ezagutza berria sortu bidaia haren inguruan.

Proiektu ugari esku artean

Aurreikusitako jardueretatik, Elkano Fundazioaren eta Txileko Kultur Ondareko Zerbitzu Nazionalaren arteko lankidetzari esker egingo den Postalak mundu biran ekimena azpimarratu zuten. Egitasmo horren baitan, Txileko Magallanes eta Antartika eskualdeetako hamalau ikastetxetako neska-mutilek Euskadiko ikasleekin 500 postal sortu eta trukatuko dituzte. Horietan, itsasoaren ikuspegia eta gaur egun horrekiko duten lotura hartuko dituzte hizpide. Hala, helburua da kultura-aniztasuna ikusaraztea duela 500 urte egindako bidaia horri esker lehen aldiz elkartu ziren bi eskualdeetan.

Bestalde, Euskal Herri barneko mundubira, bizikletaz egiteko ibilbide berriak, lehen mundu biraren bidaiarekin nolabaiteko lotura duten EAEko herriak, kostaldekoak nahiz barrualdekoak, elkartuko ditu, “antzinaldia eta orainaldia elkartzeko itsasoari lotutako historia partekatuaren ildotik”, gaineratu zuen Olanok. Ibilbide pilotua zirkuitu egonkor bihurtzeko helburuarekin egin zen, eta Ander Izagirre idazle eta kazetariak liburu batean jasoko du, Euskadiko itsas ondarearen ikuspuntutik, proiektuaren kontakizuna.

Ahaldun nagusiak sarean lan egitearen ondorioz sortutako zenbait proiektu ere aipatu zituen, hala nola, Mundubiraren ubera zikloaren jarraipena, Elkano battela, xumea baina gurea ikuskizunaren estreinaldia eta euskarazko planisferioaren edizioa. Horiez gain, Elkanoren lehenengo mundu bira abiapuntutzat hartuta, pastoral bat eta gazteentzako eleberri bat egingo dituzte.

Ezagutza berria

Bingen Zupiria sailburuak urte honetako jarduera akademikoak aipatu zituen. Irailaren 6an eta 7an, duela bi urteko mintegi “arrakastatsuarekin” jarraitzeko, Elkanoren Euskal Herri barneko bidaia udako ikastaroa egingo da. Aurten, ikastaroa doakoa izango da eta, edizio honetako egitaraua osatze aldera, dagoeneko zabalik dago ahozko komunikazioak aurkezteko epea.

Juan Sebastián Elkano, el maestre, el hombre sinposioarekin Amerikanisten Espainiako Elkarteak Santiago de Compostelan egingo duen Nazioarteko Biltzarraren XIX. edizioan (ekainaren 14tik 16ra) hartuko du parte  Fundazioak.

Era berean, Más allá del mito y la epopeya: el País Vasco y la expedición Magallanes-Elkano en el contexto de la primera globalización lanaren argitalpena atal akademikoan sartu da. Joan den urtean Fundazioak egin asmo zuen nazioarteko biltzarraren txostenak izango ditu liburuak; pandemia dela eta ez zen biltzarrik egin. Argitalpenean Euskal Herriko egileei batu zaizkie Espainiako, Filipinetako, Kanadako, Mexikoko edo Ekuadorreko zenbait unibertsitatetako ikerlariak.

Azkenik, munduaren lehen biraren V. mendeurrena dela eta, arlo akademikoan egin diren ekarpenak bildu eta zabaltzeko, Bingen Zupiriak iragarri du 2022an nazioarteko biltzarra antolatuko dela.

2022an lehorreratze eguneratua

Datorren urtean, Victoria ontziaren lehorreratzea oroitzeko, lau urtez behin Getarian egiten den ekitaldia sortu zenetik 100 urte beteko dira. Horren harira, Alberdik azaldu zuen hainbat eguneratze egingo dituztela: “Dagoeneko lanean ari gara ekitaldi horren inguruan dibulgazio-jardueren egitarau osoa antolatzeko, baita lehorreratzearen ekitaldia bera eguneratzeko ere. Gure garaira ekarri nahi dugu, batetik, gure gizartearekin bat datozen aniztasunaren eta errespetuaren balioak islatzeko, eta, bestetik, gertakari haiei buruz ezagutzen dugun informazio berria eransteko”.

Jada, 500. urteurrenaren erdia igarota, irekitako bide batzuen lekukoa beste eragile batzuek hartu dezaten lanean ari da Elkano Fundazioa, izan ere, 2022ko abenduan desegin egingo da. “Helburua da eragileek modu autonomoan jarraitzea lehenengo mundu birari eta bere testuinguruari lotutako ezagutza sortzen eta zabaltzen, bereziki Euskal Herriari dagokionez”, azaldu zuen Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariak.