LAB sindikatuak deituta, auto karabana eta elkarretaratzea egin dituzte gaur, maiatzak 1, Langileen Nazioarteko Egunean. Indaux aurretik, 11:00ak pasata, abiatutako lau ibilgailu herrian zehar ibili dira langileen eskubideen aldeko mezuak zabaltzen. Eguerdirako, zegoen deituta elkarretaratzea, eta hamar minutu lehenago egindako txingorrak parte-hartzearen inguruko zalantzak sortu ditu. Dena den, 12:00etarako eguraldia zerbait baretu denez, apurka-apurka, 50 lagun inguru batu dira plazan.

Getariako Jubilatu eta Pentsionisten Plataformak ere bat egin du gaurko deiarekin; hala, kalera atera ditu asteroko aldarria nahiz pankarta. LAB sindikatuak, berriz, esaldi honekin laburbildu du gaurko eskaria: Aldaketa da aukera! Norabidea aldatzera goaz. Zaintza, lana, bizitza, herria!

Elkarretaratzearen amaieran irakurritako manifestuan zabalago azaldu dute mezua. Indarrean dagoen sistema aldatu egin behar dela adierazi dute, ezin delako sostengatu “ez sozialki eta ez ekologikoki”. “Eredu zaharretik eredu berrirako trantsizioa egin behar da, trantsizio ekosozialista eta feminista”, gaineratu dute. Sindikatuak gizarteko eta ekonomiako hainbat eremutan diharduela argitu dute, hortaz, uste dute “borroka desberdinak batzea eta bultzada ematea eskatzen duela momentuak”, baita “greba eta mobilizazio berriak” ere. “Momentuak beste greba orokor bat eskatzen du”, adierazi dute; bide horretan adostasunak bilatzeko prest agertu dira.

 

Lotutako albisteak: