Gaur eguneratu du Osasun Sailak azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400 kasu baino gehiago dituzten udalerrien zerrenda, eta Getariak bertan jarraitzen du. Beraz, orain arteko neurriek indarrean jarraituko dute datorren astelehena arte.

Koronabirus kasuei dagokionez, azken hiru egunetan bi positibo zenbatu ditu Osakidetzak Getarian. Bi kutsatuak ostiralean atzeman zituzten; herenegun eta atzo, aldiz, ez zuten kasurik identifikatu. Positiboen beherakada horri esker, intzidentzia-tasa ere koska bat jaitsi da: gaur gaurkoz, 954,06an dago.

Euskal Autonomia Erkidegoan ere datuek hobera egin dute. Atzo positibo-tasa %6,1ekoa izan zen: guztira 8.363 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta horietatik 506 positiboak izan ziren. Erietxeetako egoerak, ordea, bestelako bilakaera izan du; izan ere, aurreko egunetan baino gaixo gehiago zegoen koronabirusak jota atzo ospitaleetan: gela arruntetan 520 pertsona daude eta ZIUetan 195.

Jaurlaritzaren dekretu berria

Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez, egungo neurri murriztaileak bere horretan mantentzea ahalbidetuko dion dekretua onartuko du ostiralean Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuak, ondo bidean, maiatzaren 9an indargabetuko du alarma egoera, eta Jaurlaritza egoera berrirako prestatzen ari da.

Dekretua datorren astelehenean, maiatzaren 10ean, sartuko litzateke indarrean, eta lau edo sei aste arteko balioa izango luke. Horren bitartez, egun indarrean dauden arauak mantentzeko aukera egongo litzateke, “betiere Jaurlaritzak dituen gaitasunen barruan”.

Hala ere, Urkulluk alarma egoera luzatzeko eskatu dio berriro ere Madrili. Esan du oraindik baduela Sanchezen gobernuak jarrera aldatuko duenaren itxaropena.

Lotutako albisteak: