Azkenaldian ontzi arinen bilketan aurkitutako hondakin desegokien kopuru altuak birziklapen prozesua eten eta bilketa zerbitzua asko zailtzen duela salatu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Hori ekiditeko, beharrezkotzat jo du ontzi arinen sailkatzea hobetzea, ingurumen kalte nabarmenaz gain, diru galera handia sortzen duelako eskualdeko udalentzat. Horregatik, datozen hilabeteetan, arreta berezia jarriko du Udal Elkarteak ontzi arinentzako edukiontzietan.

2018an Hondakinak Biltzeko Zerbitzua ezarri zenetik, ondo sailkatutako hondakinen ehunekoa 20 puntu baino gehiago igo da eskualdean. Bilakaera positibo horrekin jarraitzeko, ordea, ontzi arinak hobeto sailkatzea ezibestekoa dela uste du UKUEk.

Zer utzi daiteke edukiontzi horietan?

  • Plastikozko botilak: ura, edari freskagarriak, olioa…
  • Plastikozko ontziak: garbigarriak, kosmetika gaiak…
  • Plastikozko ontzi txikiak: jogurt potea edo antzekoak.
  • Tetrabrikak: esnea, zukuak, ardoa…
  • Plastikozko poltsa, zorro edo bilgarriak.
  • Metalezko ontziak: edari eta kontserbak , aerosolak, metalezko tapak…

Zer ezin daiteke utzi edukiontzi horietan?

  • Kartoizko estalkiak
  • Beirazko botilak eta ontziak.
  • Kartoizko arrautza-ontziak
  • Plastikozko jostailuak
  • Tresna elektriko txikiak
  • Biberoiak
  • Gomazko eskularruak
  • Garbitasun tresnak (orraziak, hortz eskuilak…)
  • Sukaldeko tresnak (zartaginak, kazolak…)
  • Frutentzako plastikozko kaxak
  • Plastikozko aulki eta mahaiak.
  • Buztinezko potoak
  • Film-a
  • Edari-janariak eramateko paperezko ontziak
Neurri zuzentzaileak martxan

Azken hilabeteetan pixoihalak, musukoak eta gomazko eskularruak bezalako hondakinak ugaritu egin dira edukiontzi horietan. Horren aurrean, Udal Elkarteak herritar guztiei dei egin nahi die, arduraz jokatu eta birziklatu ezin diren hondakinak errefusarentzako edukiontzi grisetan botatzeko.

Era berean, hondakin kopuru handienak dituzten guneei jarraipen berezia egingo zaiela aurreratu du. Gainerako edukiontzietan ere, zer non utzi gogorarazteko informazio euskarriak jarriko ditu. Amaitzeko, atez ateko bilketa zerbitzuaz gain, zenbait merkataritza eta ostalaritza establezimenduri kaleko edukiontziak giltza bidez irekitzeko aukera emango die.

Argazkia: Urola Kostako Udal Elkartea