Gipuzkoako Trainerila Txapelketako lehen jardunaldia, herenegun, Pasai Donibanen zen jokatzekoa. Estropada, ordea, bertan behera geratu zen, hori dela eta, atzo Getarian jokatu zena izan zen denboraldiko lehena. Hasiera batean, Zarautzen jokatzea zen asmoa, baina estropada eremua Getariara lekualdatu zuten. Erlojuaren aurka aritu ziren atzokoan arraunlariak; guztira, 34 ontzik parte hartu zuten.

11:00etan, uretaratzen lehenak gizonezko jubenilak izan ziren. Kategoria horretan zazpi ontzi lehiatu ziren, eta kronometroa 14:54,25an geldituz, zumaiarrak izan ziren garaile. Ondoren, emakumezkoen txanda izan zen. Donostiarra “B” ontzia izan zen irabazlea; euren atzetik sailkatu ziren, Orio “A” eta Donostiarra “A”, hurrenez hurren.

Gizonezko absolutuen kategorian, bi multzotan lehiatu ziren arraunlariak. Lehenengo multzokoak Kopan aritu ziren, bigarrengokoak, aldiz, Ligan. Kopan sei ontzik parte hartu zuten, tartean, Getaria “B”k. Getariarrek, 14:14,13 denborarekin, bigarren postua lortu zuten, San Juan “B”rengandik zazpi segundo pasatxora. Getaria “A” ontziak Ligan egin zuen arraun, beste hamar ontzirekin batera. 14:05,31 denbora eginez, bosgarren sailkatu zen; lehenengoarengandik ia 23 segundotara. Donostiarra izan zen multzo horretako txapelduna; bigarren eta hirugarren sailkatuak, berriz, Hondarribia eta Orio, hurrenez hurren.

Datorren igandean ere Getarian

Datozen bi asteburuetan Gipuzkoako Trainerila Txapelketako beste bina estropada jokatuko dituzte. Igandean, 11:00etan hasita, berriro ere Getarian izango dute hitzordua. Finalak, berriz, maiatzaren 16an Mutrikun jokatuko dituzte.