Getariako Sareren deialdiarekin bat egin duten herritarrek eguraldi bikainarekin igo dute San Anton mendia. 11:30 pasatxo irten dira herriko plazatik, eta musikaren laguntzarekin egin dute plazatik Katxaporako bidea. Antolatzaileek azaldu dutenez, “ahalik eta herritar gehien biltzeko asmoarekin” erabaki dute San Anton mendia igotzea.

Tontorrera iristerakoan, “egun oraindik indarrean den ezohiko espetxe politika bidegabea” dela salatu dute. Hala ere, “bidegabekeria” horrekin amaitzeko lehen urratsak ematen hasiak direla argitu dute: “Euskal Presoen gerturatzea ematen hasi da. Urruntze politikarekin amaitzeko, oraindik ere mugimendu sendorik egin ez arren, tantaka-tantaka, distantziak laburtzen hasiak gara, baita graduen progresioari dagokionez ere”. Aldaketa horiek ez direla “nahikoak”, baina “bide berriak zabaltzeko baliatu behar” direla nabarmendu dute.

Aldarrikapen hitz horien ostean, Habanera doinuaren laguntzaz, Julio Sotoren bertso bat abestu eta talde argazkia atera dute.

Sareren Izan Bidea dinamikaren baitan, gaurko egunez, Euskal Herri osoan zehar 650 tontor igo dituzte. Ekimen horren bitartez, “urruntze-politika desagertzea eta presoak eta erbesteratuak Euskal Herrira itzultzea, nahiz preso guztiei gradu-progresioa aplikatzea” eskatu dute.

 

Lotutako albisteak: