Bihar, maiatzak 9, kenduko da Espainiako Gobernuak ezarrita zuen alarma egoera. Hala, Iñigo Urkulluk atzo iragarri zituen LABIko Aholku  Batzordeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak baimendutakoarekin, datozen asteetarako erabakitako neurriak.

Gauerditik aurrera indarrean sartuko den dekretuak ez du etxeratze ordurik jasotzen, ezta taldean bildu daitezkeen pertsona kopururik ere. Gainera, azken hilabeteetako itxiera perimetrala kenduta, herritik, probintziatik zein autonomia erkidegotik irten gaitezke.

Bestalde, kultura, gizarte, ostalaritza eta merkataritza jarduera 22:00ak arte luzatuko da. Taberna eta jatetxe barruko edukiera %50ekoa izango da eta debekatuta egongo da zutik kontsumitzea. Era berean, mahaietan lau pertsona egon ahal izango dira, gehienez. Jakinarazi dutenez, itxita jarraituko dute elkarte gastronomikoek, gazte lokalek eta diskotekek.

Kirol instalazioetan ere %50eko edukiera izango dute, %35ekoa aldageletan. Gehienez ere sei pertsona bildu ahalko dira horietan. Halaber, ezingo da kirol ekitaldirik egin ikusleekin.

Musika entsegu zein emanaldietarako eta ezkontza nahiz antzeko ospakizunetarako baldintza berriak ere ezarri dituzte, baina lehendakariak ez zituen zehaztu atzoko agerraldian. Azkenik, Urkulluk iragarri zuen udari begira hartu beharreko neurriak biltzen dituela dekretu berriak. Hondartzen, igerilekuen, kirol-proben edo aisialdi jardueren ingurukoak dira.