Pasa den apirilaren 28an aurkeztu zuten Javi Julioren Aita Mari dokumentala Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Argazkilari eta zinemagile donostiarrak egun Mediterranear itsasoan ehundaka pertsonek bizi duten egoera lazgarria erakutsi nahi izan du bere lanaren bitartez. Horretarako, Aita Mari euskal itsasontziak Greziako Lesbos uhartera egindako bidaia batetaz baliatu da.

Mediterraneoko irudiez gain, Aita Marik Getariako arrantza-ontzi bat izatetik gaur egun itsasoan biziak salbatzeko itsasontzi bat izateko jasan duen eraldaketa eta prozesu guztia erakusten du Julioren lanak. Horretarako, Beñat Gereka getariarraren irudiak erabili ditu: “Aita Mari Getariako moilatik lehenengo aldiz atera zeneko irudiak grabatu nituen nik, dronearekin goitik grabatutako irudi batzuk, hain zuzen ere”.

Izan ere, duela bi urte aurkeztutako Basotik Itsasora dokumentalean Aita Mari itsasontziaren istorioa kontatzeko asmoa zuen Gerekak, baina, Julio laguna zuenez, berarekin hitz egiterakoan “beste bide bat hartzea” erabaki zuen, “ez errepikatzearren gehien bat”. Hortaz, bere irudiak “utzi” zizkion Juliori, haiekin “bere dokumentala osa zezan”.

Bere ekarpenari, ordea, garrantzia kendu nahi izan dio Gerekak, “hondar ale bat besterik” ez duela gehitu uste baitu. Aldi berean, bere lana “anekdotikotzat” jo du, benetako ekintza, hau da, dokumentalaren atzean dagoen lan eta mobilizazio guztia nabarmenduz. Hala ere, horrelako proiektu batean parte hartu izanak poza eta zirrara sorrarazten dio: “Pertsona ezberdinek ezer ez irabazteko asmoarekin dena utzi eta ezezagun batzuk itsasoan ez itotzeko helburuarekin haraino joateak emozionatzen nau”.

Mediterraneoan bizitzak salbatzen

Larunbatean, maiatzaren 8an, itsasoratu zen Aita Mari erreskate ontzia Adran, Almerian (Espainia). Sare sozialen bitartez jakinarazi zutenez, egun berean bistaratu zuten noraezean zebilen lehenengo ontzia Kartagena parean. 16 pertsona zeramatzan ontziak ur-azalean mantentzeko zuen gaitasuna ziurtatu ostean, itsas zaintzako Caliope ontziak erreskatatu zituen naufragoak. Horren harira, erreskate hori Europan gertatu beharko litzatekeenaren adibide bat dela gaineratu zuen GKEak; alegia, “erakunde publikoek defendatzea itsasoratzen direnen bizitza”.