Atzo Getarian jokatu zen Gipuzkoako Trainerila Txapelketako laugarren jardunaldia, eta bertan, herriko bi ontzik hartu zuten parte. Getaria “B” ontziak Kopan egin zuen arraun, “A”k, berriz, Ligan. Biek ala biek estropada ederra egin zuten, eta sailkapeneko bigarren postua eskuratu zuten.

Kopan lehiatu ziren traineriletan azkarrena San Juan “B” taldea izan zen. Euren atzetik, 14:58,08 denborarekin, sailkatu zen getariarren “B” ontzia. Ligan, berriz, hondarribiarrek lortu zuten denborarik onena. Getariarrak bigarren sailkatu ziren, 14:50,15 denborarekin eta irabazleengandik 10 segundotara. Sailkapen orokorretan, Kopako bosgarren postuan dago Getaria “B” taldea; “A” ontzia, aldiz, Ligako seigarrena da.

Emakumezkoetan, Donostiarra “B” izan zen txapelduna; bigarren eta hirugarren sailkatuak Orio “A” eta Hondarribia izan ziren, hurrenez hurren. Gizonezko jubeniletan, berriz, zumaiarrek lortu zuten garaipena. Euren atzetik San Juan “A” izan zen bigarrena eta San Juan “B” hirugarrena.

 

Andoni Galarraga gogoan

Estropadak hasi aurretik, Andoni Galarraga Getariako arraun taldeko kide ohiaren omenez, arraunak gora igo eta minutu bateko isilunea egin zuten. Horrez gain, Getariako bi trainerilek Andoni izena eraman zuten itsatsita ontzian.

Bestalde, Galarragaren heriotza dela eta, getariarrek ez zuten larunbateko Hondarribiako estropadan parte hartu.

 

Lotutako albisteak: