Gaur goizean herriko frontoian egin dute 2021eko Euskal Pilota Egokituko finalen aurkezpena. Igandean, 12:00etan hasita, Sahatsaga kiroldegian jokatuko dira bi finalak: bata adimen urritasuna dutenen kategoriakoa, eta bestea gurpildun aulkikoena. Txapela nork lortuko arituko dira lehian kategoria bakoitzetik bina bikote.

Lehen partida adimen urritasuna dutenen artekoa izango da. Hain zuzen, Eneko Sagarmendik (Mutriku) eta Xabier Arizkorretak (Hernani), Iraitz Huegunen (Donostia) eta Jurdan Arakistainen (Zestoa) aurka neurtuko dituzte indarrak. Euren atzetik, gurpildun aulkikoen txanda izango da: Ander Altunak (Ataun) eta Beñat Lizasok (Oiartzun) Yan Meunier (Baiona) eta Maixi Cabanne (Baiona) izango dituzte aurkari.

Bi finalak 25 tantotara jokatuko dituzte. Egungo egoera tarteko, ikuslerik gabe egingo dira, baina Euskal Telebistan zuzenean jarraitzeko aukera izango da. Era berean, eitb.eus atarian ere streaming bidez ikusi ahalko da.

Pilota egokitua bistaratzea helburu

Asteburuko zortzi protagonistez gain, aurkezpen ekitaldian ondorengoak egon dira: Blanca Aranguren Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko lehendakaria, Oscar Barbulo Getariako Laboral Kutxa bulegoko zuzendaria, Ekaitz Esteban Kirol zinegotzia, Segundo Alkorta Gure Txeru pilota elkarteko ordezkaria eta Mikel Idoate pilotari ohia.

Arangurenen arabera pilota egokituak “egonkortzea” lortu du, baina gauza berriak lortzeko borrokan jarraitu behar dela adierazi du. “Federaziotik bi helburu ditugu. Alde batetik, pilota egokituan emakumeen presentzia handitu nahi dugu; Txapelketa honetan gero eta emakume gehiago egon daitezen borrokatuko dugu. Bestetik, udalerri guztietako pilota klubetan pilota egokituaren sekzio txiki bat egotea lortu nahi dugu”, adierazi du federazioko lehendakariak.

Barbulok nahiz Estebanek horrelako proiektuetan parte hartzea oso garrantzitsua dela adierazi dute. “Lan handia izan arren, bi aldiz pentsatu gabe onartu genuen proposamena. Kirola bera eta kirolariak balioan jarri nahi ditugu, izan ere, hau dena bistaratzea eta zabaltzea garrantzitsua iruditzen zaigu”, azpimarratu du Estebanek. Alkortak, berriz, Gure Txeru pilota elkartearen ibilbidea izan du gogoan, eta eurek antolatutako eskuzko pilota txapelketaren arrakasta espero gabeko zerbait izan zela adierazi du.

Idoatek ere horrelako ekimenen garrantzia azpimarratu eta antolakuntzan aritu diren guztien lana goraipatu du. “Pilotari hauek, uste dut, kirolari eta pilotari bezala ispilu bat direla guretzat. Horregatik, hemen egiten duzuena askorentzako eredu da eta horretan jarraitu behar dugu”, adierazi du.

Lotutako albisteak: