Bertsozale Elkarteak antolatuta, uztailean zehar egingo dira Bertso Udalekuak. Gaur, 10:00etan, hasi eta maiatzaren 21eko 10:00ak arte, bertso-eskolako kide diren edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide duten haurrek eta gazteek izango dute izena emateko lehentasuna. Ondoren, baldintza horiek betetzen ez dituzten gainerako interesdunek bigarren epe bat izango dute: maiatzaren 25etik 31ra.

9 eta 18 urte bitarteko gazteek eman dezakete izena www.bertsozale.eus atarian jarri duten izen-emate orria beteta. Bost eguneko zortzi txanda antolatu dituzte Sopelan, Orion, Uitzin eta Amaiurren, eta parte-hartzaileek egonaldi bakar bat aukeratu ahal izango dute. Hemen klikatuz ikus daitezke txanda guztiak.

Baldintzak

Izena ematerakoan parte hartzeko baldintzak onartu beharko dira. Dagoeneko, kontsultatu daitezke baldintzok jasotzen dituen dokumentua eta hari lotutako onartu beharreko fitxa. Izen-ematea amaituta, ekainaren 9rako emango da txanden osaketaren berri.

Erreserba baieztatzeko ordainketa epe bat jarriko da, eta behin udalekuetako txanda hasita ez da dirurik itzuliko. Udalekuak hasi bitartean, diru itzulketa egiteko salbuespen batzuk hartuko dira kontuan egungo osasun egoera tarteko.

 Udaleku egokituak

Elkartetik azaldu dutenez, “COVID-19aren aurrean hartu behar diren osasun neurriak kontuan hartuta, prebentzio eta garbiketarako segurtasun protokoloa diseinatu dugu eta esan gabe doa, une oro aintzat hartuko ditugula indarrean dauden neurri eta legeak”. Era berean, aurreko urteetan baino talde txikiagoak eta egonaldi motzagoak egingo dituztela gaineratu dute.

Argazkia: bertsoa.eus