Goizean aurkeztu dute Bista Onan Urola Kostako Udal Elkarteak martxan jarri berri duen Nire aukera Urola Kosta egitasmoa. Kanpaina gaur hasi eta urria bitartean gauzatuko da eta Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko lehendakariaren hitzetan, bi helburu nagusi ditu: “Batetik, eskualdeko ostalaritza eta merkataritza alorrean kontsumoa sustatzea; eta bestetik, Urola Kostako merkataritza eta ostalaritza sektorearen lehiakortasuna areagotuko duten ekimenak garatzea, betiere sektoreko eragileekin elkarlanean”.

Udal Elkartearekin batera, eskualdeko bost herrietako udalek nahiz sei merkataritza eta ostalaritza elkartek parte hartuko dute ekimenean (Babexa, Getariako dendari elkartea; Getabat, Getariako ostalari elkartea; Arkupe, Orioko merkatari, ostalari eta profesionalen elkartea, Murkil, Zarauzko dendarien elkartea; Gertu, Zumaiako merkatari eta ostalari elkartea eta Zurekin, Zarauzko ostalari elkarteak).

Eskualdean, merkataritza eta ostalaritza sektoreek pisu handia dutela nabarmendu du Salsamendik: “Gaur egun, Urola Kostan 3.399 establezimendu daude, guztira (Getarian, 276). Ehun-ekonomikoa osatzen duten establezimenduen %30,62a merkataritza, ostaritza eta ostatu-establezimenduak dira. Eskualdeko enpleguaren ia %25a sortzen dute, edo beste modu batera esanda, 13.811 lanpostu zuzen”. Hala ere, kanpaina hau martxan jartzeko erabakia “zenbakiez haratago, sektorean sinesten” dutelako hartu dutela gaineratu du Udal Elkarteko lehendakariak.

Aurkezpenean, Urola Kostako merkataritza eta ostalaritza sektorea ordezkatuz, Fatima Cazalisek eta Cristina Aguirrebeñak hartu dute hitza; hurrenez hurren, Fatima Cazalis eta Kaïoa arropa-dendako arduradunek. Biek ala biek, tokian tokiko kontsumoaren aldeko jarreraren garrantzia nabarmendu dute. Cazalisek azaldu duenez, bera hirugarren belaunaldia da eta ilusioarekin jarraitzen dute lanean. Gaineratu du “gure negozioek herriari indarra ematen diote, eta herriari lehen mailako produktuak eskaintzeaz gain, zerbitzu gertukoa eta profesionala eskaintzen diegu”. Aguirrebeñak pandemia garaia “oso gogorra” izan dela baieztatu du, baina horren aurrean, “bezeroek eman diguten berotasuna eta gure ikasketak eta ezagutzak areagotzeko aukera” azpimarratu ditu.

Urria bitartean, ekintza desberdinak

Nire aukera Urola Kosta kanpainaren baitan, hainbat ekimen antolatuko dituzte. Salsamendik aipatutakoaren arabera, “ikus-entzunezko hainbat pieza, kale ekintzak eta 21 eguneko erronka bat” egingo dituzte. Erronka urrian egingo dela, baina “xehetasunak uda pasata emango dituztela” argitu du lehendakariak. Ekitza horien bitartez, “sektoreko establezimenduak ikusaraztea eta eskualdeko eskaintza oparoa herritarrengana gerturatzea” izango da asmoa.