Helduei zuzendutako emanaldia da “Elkano battela, xumea baina gurea” ikuskizuna. Koldo Amestoy ipuin-kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak elkarlanean sortutako proiektua da, eta datorren larunbatean Getarian estreinatuko dute. 19:00etan hasita, Iturzaeta aretoan ikusi ahal izango da. Sarrera doakoa da, baina gonbidapenak turismo bulegoan jaso beharko dira gaurtik aurrera.

Elkano ala Elkanoak: historia, memoria eta kontaerak hitzaldi zikloa

Elkano Fundazioak eta Getariako Udalak, Mundubiraren ubera programazioaren barnean, Elkano ala Elkanoak: historia, memoria eta kontaerak izeneko topaketa-zikloa antolatu dute. Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariaren hitzetan, “ziklo honen bidez, kontzientzia kritikoaren alde egiteaz gain, honako hau ulertarazi nahi dugu: edozein gertaera historiko ikusteko eta kontatzeko modua oso desberdina izan daiteke, lortu nahi diren xedeen arabera”.

Mahai-inguruak hilaren 10ean eta 29an eta uztailaren 15ean izango dira, Getariako Iturzaeta aretoan, 19:00etatik 20:30era. Fundazioaren Youtubeko atarian ere zuzenean jarraitzeko aukera egongo da. Modu presentzialean bertaratzeko, beharrezkoa da aurretiaz Getariako turismo bulegoan izena ematea. Topaketa bakoitzean bi ekarpen egingo dira, horietako bakoitzak lehenbiziko mundu birari buruz duen ikuspuntua azalduko du. Horrez gain, hirugarren pertsona bat arituko da moderatzaile gisa.

Lehenengo topaketan honako hauek parte hartuko dute: EHUko filosofia irakasle Ekai Txapartegik eta Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik. Haiekin batera, dinamizatzaile lanetan, Xabier Kerexeta historialaria eta etnografoa arituko da. Saioa euskaraz egingo da. Ekainaren 29ko mahai-ingurua gaztelaniaz egingo da, eta ondorengo solaskideek parte hartuko dute: Enrike Santamaría nobelagilea eta historialaria eta Janire Castrillo EHUko irakaslea eta ikertzailea. Gaizka Aranguren kazetariak dinamizatuko du topaketa. Hirugarren saioa euskaraz egingo da, eta Gaizka Aranguren eta Xabier Kerexeta, Martxelo Otamendi kazetariarekin batera, hitzaldi zikloan ateratako ondorio nagusiei buruz arituko dira solasean.

 

Lotutako albisteak: