Asteburuan Lekeitioko Banderan parte hartuko du Esperantza traineruak, eta Ion Larrañaga entrenatzaileak ARTZAPEri azaldu dionez, “non gauden eta denboraldian zein helburu jar ditzakegun jakiteko” baioko die estropada horrek. “Oraindik hilaren 19ra arte –orduan hasiko baitute denboraldia– denbora pixka bat daukagu gauzak fintzeko… Estropada hauek horretarakoxe dira; prestatzeko, erritmoa hartzeko eta neke hori zer den gogorarazteko”, dio Larrañagak.

Azken bi urteetan osatutako ontziaren antzekoa uretaratuko da aurten ere, “orain dela hiru urteko jende berdintsua gaude”. Beraz, aurtengo Esperantza aurreko bi urteetakoa baino esperientzia gehiagoko trainerua izango da. Taldea “oso ondo” eta “konfiantzarekin” dagoela eta jende berdinarekin lan egiteak lasaitasuna ematen duela aitortu du entrenatzaileak: “Bi urtetan ondo egin dugu eta hirugarrenean badakigu zer egin behar den. Ea hiru urte hauetako lanak fruituak ematen dituen”.

Lehiakortasun handiko udara

Denboraldi gogorra aurreikusten du getariarrak: “Badakigu inork ez digula ezer oparituko. Oso maila altuko taldeak daude aurten: Kaiku, Pedreña, San Pedro, San Juan, Zumaia… Estropadak oso zailak izango dira eta akatsen bat egiten duenak asko sufrituko du”.

“Oso talde indartsua” dutela nabarmendu du Larrañagak eta euren helburua “estropadatik estropadara ahalik eta ondoen ibiltzea” izango da. Hala ere, gaur-gaurkoz, helburu jakin bat zehaztea “oso zaila” dela adierazi du. “Iruditzen zait sei-zazpi ontziz osatutako talde handi bat egongo dela aurrean, edozein estropada irabazteko moduan, eta hor nahiko genuke egon; baina hori orain esatea, oso zaila da”, dio Esperantzako gidariak.