Getariarrek Lekeitioko uretan jokatu zuten atzo denboraldi aurreko lehen estropada garrantzitsua eta lan “bikaina” egin zuten. KAE ligan diharduten ontzien artean, Esperantzak lortu zuen emaitzarik onena; hori gutxi ez, eta arrauneko maila goreneko hainbat ontziri aurre hartu zien.

Gizonezkoen mailan, 21:25,08ko denborarekin, Hondarribiak lortu zuen Lekeitioko XLII. bandera. Getariarrek eurek baino 41 segundo pasatxo gehiago behar izan zituzten lau luzeak egiteko. Hamasei traineruk parte hartu zuten atzokoan, eta Esperantzak sailkapeneko seigarren postua lortu zuen.

Emandako ikuskizuna eta gero, getariarrek argi utzi zieten aurkariei denboraldian lanak emango dizkietela. Sare sozialen bidez adierazi dutenez, horrelako estropada egin izanak “bi aste barru hasiko den ligari begira ilusioz betetzen gaitu”.

Emakumezkoetan Orio garaile

Emakumezkoen mailan hamaika ontzi lehiatu ziren atzokoan eta oriotarrek eraman zuten etxera Lekeitioko X. bandera. Euren atzetik, Donostiarra eta Hondarribia izan ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren sailkatuak. Oriotarrek 11:38,50eko denbora egin zuten, donostiarrei 9,45 segundoko aldea atera zieten eta hondarribiarrei 13,53koa.

Igandean Gipuzkoako Traineru Txapelketa

Igandean, 11:00etan hasita, Donostian jokatuko den Gipuzkoako Traineru Txapelketan izango dira getariarrak. Bestalde, bi aste barru ekingo diote denboraldiari: larunbatean, ekainaren 19an, Pasai San Pedron jokatuko dute lehen estropada; igandean, berriz, Getarian arituko dira Andoni Galarragaren oroimen estropadan arraun egiten.

Argazkia: Luis Azpeitia

 

Lotutako albisteak: