Igandean Logroñoren aurka lortutako garaipenari esker, datorren urtean ere Primera Iberdrola ligan lehiatuko da Eibarko emakumezkoen taldea. Logroñoko Las Gaunas futbol zelaian jokatu zuten partida eta talde gipuzkoarrak 1-2 irabazi zion etxeko taldeari. Bientzat zen garrantzitsua igandeko partida, Logroñorentzat, ordea, erabakiorra: “Ligan geratu ahal izateko, beraiek partida irabazi beharra zeukaten”, azaldu dio Artzaperi Ane Campos Eibar taldeko jokalari getariarrak.

Campos lehenengo minututik irten zen zelaira, eta asko zegoenez jokoan, “tentsio eta presio” handiko partida izan zela adierazi du; “gainera, jokalari bat gutxiagorekin geratu ginen lehenengo 15 minututan. Behintzat buelta eman genion eta eskerrak!”. Oso gustura daudela eta pisu handi bat gainetik kendu dutela dio getariarrak, “guk bukaerako energia guztiak atera ditugu”.

Urte luzea

Eibarri beste bi partida falta zaizkio denboraldia bukatzeko, eta Camposen hitzetan “oso luzea ari da izaten” aurtengoa. Alde batetik, “koronabirusagatik jarritako protokolo guztiengatik”; bestetik, “liga ez genekienez noiz hasiko zen, jada, urtebete inguru goaz entrenatzen”.

Lehiaketan, partida guztiak “oso gogorrak eta desberdinak” direla nabarmendu du getariarrak, eta “bai edo bai, %100a eman behar duzu partida guztietan, ze denak dira garrantzitsuak”. Jokalari gehienak berriak zirenez, hasieran lehenengo mailara egokitzea pixka bat kostatu egin zitzaiela azaldu du Camposek, “baina azkenean, entrenamendu eta partida askorekin, ohitu egin gara”.

Datorren astean Eibarrek atsedena izango du; Gero, Huelvaren aurka egingo du eta azkenengo partida, ekainaren 27an, Bartzelonaren aurka izango da. Hala, denboraldia amaituta hilabeteko oporrak izango dituzte futbol jokalariek; “Datorren liga ez dakit noiz hasiko den. Uste dut irailaren bigarren astean edo horrela izango dela, baina oraindik ez dago baieztatuta”.

Argazkia: SD Eibar