Iaz, genero indarkeriaren aurrean elkarrekin lan egitearen eta saretzearen garrantzia azpimarratuz, Jone Alberdi zarauztarrak mural bat marraztu zuen herriko sarreran. Ildo beretik jarraituz, Udalak hainbat ekimenez osatutako kanpaina jarri du martxan, “oraingoan ere, genero indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren 2020ko funtsarekin”.

Getariako Udalak azaldu duenez, “genero indarkeriaren aurkako konpromezu kolektiboa sustatzeko eta indarkeria hori desagerrarazteko helburuarekin ekintza konkretuak” egingo ditu. Alde batetik, genero indarkeriaren aurkako mezuarekin hainbat eranskailu banatuko dira herritarren artean. Horien bitartez, laguntza eskatzeko edota salaketa jartzeko ahalik eta babes handiena eman nahi zaiei biktimei.

Eranskailuak herriko establezimenduetan, elkarteetan eta etxe-atarietan itsastea da asmoa. Hala, turismo bulegoan eskuragarri dauden eranskailuak jasoz, ekimenean parte-hartzeko deia egiten dio udalak getariarrei. “Eranskailuetan, Eusko Jaurlaritzak genero indarkeriaren biktimentzat jarritako telefono zenbakia agertzen da, eta bertara deitzen dutenek laguntza emozionala, informazioa eta orientazioa jaso ahal izango dituzte”.

Kontuk eta komeriak

Indarkeria matxista ikusarazteko eta desagerrarazteko bidean jarraituz, Ixabel Agirresaroberen eskutik Kontuk eta komeriak narrazioa izango da ikusgai ekainaren 13an. Ikuskizun horretan, emakumeen aurkako indarkeriaren gaia ikuspuntu desberdin batetik begiratzera gonbidatuko ditu Agirresarobek ikus-entzuleak. Emanaldia, arratsaldeko 19:00etan hasita, Iturzaeta aretoan izango da. Edukiera mugatuta egongo da eta gonbidapenak turismo bulegoan jaso ahal izango dira gaurtik, ekainaren 8tik, aurrera.

Argazkia: Getariako Udala