Euskadi eta Txile elkartzeko xedearekin, bi itsasertzetako 8, 12 eta 14 urte arteko haur eta nerabeek 500 postal trukatuko dituzte, aste honetan, Postalak mundubiran ekimenaren baitan. Elkano 500 Fundazioak azaldu duenez, “ekimen horrek beste mundubira bat proposatzen du, postalak trukatuz eta, oraingo honetan, gazteenen ikuspegitik”.

Esperientzia pilotua da, eta lehen mundubirarekin lotura estua duten edo itsas historia eta kultura oso errotuta duten udalerrietako 14 ikastetxek hartu dute parte. Gipuzkoatik eta Bizkaitik honako hauek dira partehartzaileak: Getariako Iturzaeta Eskola Publikoa, Orioko Zaragueta Eskola Publikoa, Mutrikuko Goizeko Izarra eta San Miguel, eta Bermeoko Sagrado Corazón, Eleizalde Ikastola eta San Frantzisko. Magallaes eta Txileko Antartika eskualdetik, berriz, ondorengoek parte hartuko dute esperientzian: Punta Arenaseko Hernando de Magallanes, Padre Alberto Hurtado eta Pedro Sarmiento de Gamboa eskolek; Puerto Natalesko Coronel Santiago Bueras eskolak; Puerto Williamseko Donald McIntyre Griffiths lizeoak; eta Porvenir udalerriko Bernardo O’Higgins eskolak eta Maria Auxiliadora ikastetxeak.

Txileko ikasleak bakoitza bere postalarekin

“Ikastetxeek interes handiarekin egin dute bat proiektuarekin eta maiatzean postalak marrazten aritu dira”, diote Elkano Fundaziotik. Postaletan “Ni eta itsasoa, itsasoa eta zu” gaia landu dute eta, irudiaz gain, itsas bizitzarekin eta lurraldeari lotutako istorioekin duten harremana partekatu dute. “Ekimen horri esker, duela 500 urte lehen aldiz elkartu ziren bi eskualdeen arteko lotura eguneratu nahi da; horretarako, lurralde bakoitzaren berezitasunak hartuko dira ardatz, kultura-aniztasuna azpimarratuz”.

Elkano Fundazioaren eta Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionalaren arteko lankidetzaren emaitza da Postalak mundubiran ekimena; bi erakunde horien artean hitzarmen bat sinatu dute hainbat proiektu bultzatzeko lehen mundubiraren 500. urtemugaren testuinguruan. Erakunde horiez gain ondorengoek ere hartu dute parte: Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Teraike Fundazioak –Txileko ikastetxeen koordinatzaile gisa– eta Correosek –postalak bidaltzeko zigiluak eman ditu–.

Ezagutza partekatzea helburu

Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, “gazteek itsasoarekin duten harremanari buruz hausnartzea nahi dugu, baita itsasoarekin lotura duten beste kultura batzuk ezagutzera bultzatu ere, kultura-aniztasuna eta iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeetako mundu-ikuskerak ezagutu ahal izateko”.

Carlos Maillet Txileko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionaleko zuzendariak, bere aldetik, ekimena “duela 500 urte baino gehiago hasi zen eta bi herriak sakon identifikatzen dituen itsasaldi baten inguruan lotura berriak sortzeko elkarrekiko ahalegina” dela esan du: “Mugarri honek kultura-trukea eta elkarrizketa integratzailea sustatzen jarraitzera bultzatzen gaitu”.

Proiektua amaitzen denean, 500 postalak liburu digital batean bilduko dira libreki erabiltzeko, bai parte hartzen duten ikastetxeek, bai publikoak, oro har. Lehen esperientzia pilotu honen ostean, 2022an lehen mundubirarekin lotura duten beste lurralde batzuk sartu nahi dira ekimenean; hala nola Andaluzia, Filipinak, Cabo Verde eta Portugal.

Hitzaldi zikloko lehen solasaldia bihar

Elkano Fundazioak eta Getariako Udalak, Mundubiraren ubera programazioaren barnean, Elkano ala Elkanoak: historia, memoria eta kontaerak izeneko topaketa-zikloa antolatu dute. Lehenengo solasaldia bihar egingo da, 19:00etatik 20:30era, Iturzaeta aretoan. Honako hauek izango dira hizlariak: EHUko filosofia-irakasle Ekai Txapartegik (“Elkanoko Juan Sebastian. Berpizkundeko humanista utopikoa”) eta Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik (“Elkanorena kasualitate izan al zen?”). Haiekin batera Xabier Kerexeta historialaria eta etnografoa arituko da, dinamizatzaile lanak egiten.

Saioa euskaraz egingo da eta Fundazioaren Youtube-ko kanalaren bidez zuzenean ere jarraitu ahal izango da. Modu presentzialean bertaratzeko, beharrezkoa da aurretiaz Getariako turismo bulegoan izena ematea.

Argazkiak: Elkano Fundazioa

 

Lotutako albisteak: