Astelehenean inauguratu zuten Getarian, Blue Point Itsas Kutsadurako eta Ekonomia Zirkular Urdineko Inteligentzia Zentroa. Ekitaldian izan ziren Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Ingurumen diputatua; Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea; David Zabala, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Naturklima Fundazioko zuzendaria; Ana Garibi, Fundación La Caixa – Caixabankeko Ekintza Sozialeko arduraduna; eta Iñigo Doria, Blue Point-eko CEOa.

Tokiko ikuspegi batetik helduz, euskal kostaldeko itsas kutsaduraren arazoa arintzen laguntzeko sortu da Blue Point; izan ere, euskal kostaldean 50.000 tona itsas zabor baino gehiago pilatzen da. Itsas Kutsadura eta Ekonomia Urdineko Inteligentzia Zentroak itsasoak garbitzeko ez ezik, ekonomia zirkular urdinaren esparruan lanpostu eta enpresa berriak sortzen laguntzeko aukera emango du. Era berean, sentisibilizazio ekintzak sustatuz, herritarrentzat ere ateak irekiko ditu.

Foru arduradunak, Jose Ignacio Asensiok, Ekonomia Urdinaren kontzeptua nabarmendu zuen: “Ekonomia Urdina ezinbestekoa da Europako Itun Berdearen helburuak lortzeko eta pandemiatik berreskuratzeko bidea ekologikoa eta inklusiboa izango dela bermatzeko”. Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak gaineratu zuen, “proiektuak egungo eta etorkizuneko testuinguruan aukera berriak bilatzea eta identifikatzea ahalbidetuko” duela, “arrantzarekin eta turismoarekin menpekotasun handia duten euskal kostaldeko udalerrien eta eskualdeen posizionamendu sozioekonomikorako estrategia berriak diseinatuz eta garatuz”.

Bestalde, Iñigo Doria Blue Pointeko CEOak nabarmendu zuenez, “itsasoetan lehengai eta lan-esku ugari dago. Blue Pointek biak uztartzen ditu eta gizarte osoak (herritarrek, enpresek, erakundeek) konponbideak bilatzeko eta aplikatzeko tresna gisa balio nahi du”.

Itsasplanet erakundearen proiektua

Blue Point Itsasplanet erakundearen ekimena izan da eta Getariako moilako 30 eta 31 lonjatan egongo da. Itsasplanet duela hamabost urte Getariako portuan sortutako irabazi asmorik gabeko erakundea da. Itsas ezagutzak eta beste jakintza arlo batzuetako profesionalek sortu zuten helburu bikoitzarekin: “Itsas ondare naturala eta kulturala sustatzea eta zaintzea, eta bere ekarpenarekin Ekonomia Urdina sustatzeko eta garatzeko aukera berriak sortzea”.

Blue Point proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren, Gipuzkoako Naturklima Klima Aldaketaren Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta Europako Itsas Arrantzako Funtsen laguntza du. Bidelagun izan dira Fundacion La Caixa – Caixabank, Mondragon Unibertsitateko Mik Zentroa, EHUko Plentziako Itsas Estazioa, Pasaiako Itsasgela, Getariako Kaixo Musto ingurumen hezkuntzako enpresa eta Donostiako Algorritmics programazio akademia.

Argazkia: irekia.eus