Euskaraz hitz egiteko talde txikiak sortuko dira eta parte hartzea doakoa izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, saio guztietan prebentzio eta segurtasun neurri guztiak bermatuko dira. Izena emateko epea ostiralean, ekainaren 11n, amaituko da. Izen-ematea egiteko bi aukera daude: telefonoz (625 485 215) edo posta elektroniko bidez (urolakosta@aek.eus).

Ikasturte amaierako ekitaldia

Ohi bezala, joan den urritik ekainera Mintzalagun programan parte hartu dutenekin ekitaldi bat egingo da. Nahiz eta egoerak asko lagundu ez, guztira, 17 taldetan elkartuta, 65 pertsona inguru ibili dira Mintzalagun programan ikasturtean zehar Orion, Zarautzen eta Zumaian.

Ikasturte amaierako ekitaldia Orion egingo da; bihar, 18:30ean, Arraunetxen. Aurtengoan, Txiribuelta: Bidaia frustratu baten abentura ederra emanaldia eskainiko du Asier Arroita informatikari eta argazkilari bizkaitarrak.

2019ko irailean hasi eta 7 hilabetez Asiako hamar herrialdetan barrena bizikletaz egindako bidaia kontatuko du Arroitak. Zeharkaldian bizi izandako pasadizoak eta abenturak kontatzeaz gain, Asiako paisaien eta herritarren erretratuak erakutsiko ditu.